La Locomotora Negra, jazzaren makina
Biribila. Euskaltzaindiaren arabera, “akatsik edo hutsik gabea” dena da biribila, eta halakoa izan da gaur eguerdian La Locomotora Negra taldeak Viktoria Eugenia Antzokian eskaini duen kontzertua. Talde katalanak 50 urte daramatza oholtzetara igotzen, eta, hain zuzen, horregatik jaso dute Jazzaldia saria, Miguel Martin zuzendariaren eskutik; gainera, euren ibilbideari amaiera ematea erabaki dute aurten. Horregatik, eskertuta agertu da Ricard Gili zuzendaria (tronpetista eta abeslaria ere bada) saria jaso duenean, eta nabarmendu du euren lehenengo saria ere Donostiako Jazzaldiarengandik jaso zutela (Nazioarteko Lehiaketaren Lehen Saria, 1977an): “Donostiako Jazzaldiak eman zigun gure lehenengo saria, eta azkena ere eman digu”.
50 urte, mende erdia. Urteak ez dira alferrik pasa taldearentzat, kontzertuko lehenengo doinutik agerian gelditu baita musikarien esperientzia eta eskarmentua, eta modu ezin hobean koipeztatutako makina bat izan da La Locomotora Negra hasieratik bukaerara. Big band-eko hamazazpi kideak ondo baino hobeto koordinatuta egon dira une oro, eta nota bakar bat ere ez da lekuz kanpo egon. Begiak itxiz gero, 1920ko eta 1930eko hamarkadetako New Yorkeko dantza areto horietako bat zirudien Viktoria Eugeniak, katalanen jazz eta swing klasikoari esker. Tronpetek, tronboiek eta saxofoiek (guztira, hamahiru haize instrumentu) primeran koordinatuta jo dute, pianoaren, kontrabaxuaren, gitarraren eta bateriaren erritmoa jarraituz, eta ondo zekiten noiz nagusitu behar ziren eta noiz bigarren plano batera pasa, dena Giliren gidaritzapean.
Taldekide guztiek izan dute luzitzeko aukera emanaldian zehar, batzuetan bakarka, beste batzuetan binaka eta beste batzuetan haize instrumentuen atalka. Aipatzekoak dira Jordi Casanovas kontrabaxu jotzaileak Just One Of Those Things (George Gershwig) abestian egindako interpretazioa, Marc Trepat tronboi jotzaileak Blue Moon (The Marcels) kantuan egindakoa, Albert Romani gitarristak Frankie & Johnny-n Herrialde Katalanei eta Euskal Herriari eskainiz egindakoa, Duke Ellingtonen Perdido abestian Ariel Vigo saxofoi baritonoak eta tronpeten atal osoak (Ricard Gili, Ivo Oller, Arnau Boix eta Miquel Donat) egindakoa eta Three Bones Shuffle taldearen abesti propioak tronboien atalak egindakoa (Marc Trepat, Oscar Font, Xavier Trepat, Victor Gonzalez). Jazz zaleen gozamenerakoa izan da kontzertu guztia, baina une batzuk bereziki onak izan dira; besteak beste, Count Basieren One O’Clock Jump abestian egin duten saxofoi lehia. Bestalde, bereziki polita izan da Tofol Trepat pianistaren gidaritzapean egin duten Saint Louis Blues klasikoaren bertsioa.
1920ko eta 1930eko hamarkadetan New Yorkeko dantza aretoetan arrakasta handia izan zuen musika hori horretarako zen hain zuzen, dantza egiteko. Gaurkoan, ordea, pandemia dela eta, ikusleak eserita egon behar izan dira, nahiz eta askori hankak bakarrik mugitzen zitzaizkien, Savoy aretoan egongo balira bezala. Ordea, Ricard Gilik dantzatu du ikusleek dantzatu ezin izan duten guztia, hainbat abestitan bere itxura serioa hautsi eta Frankie Manningen estilora mugitu baititu oinak, taldea gidatzen zuen bitartean.
Ia abesti guztiak instrumentalak izan badira ere, pare bat abestitan kantatu ere egin dute. Esaterako, emanaldiaren erdialdean, Victor Gonzalezek tronboia utzi du, eta mikrofonoa hartu du, Birth Of The Blues (Sammy David Jr.) abestia kantatzeko. Bere anaia Tomasi eskaini dio kanta, taldeko saxofoi jotzaileetako bat baita Tomas, baina gaurkoan etxean gelditu behar izan da, osasun kontuengatik; haren ordez, Eva Garin aritu da.
Lionel Hamptonen Flying Home kanta jo ostean, agertokia utzi dute, baina ikusleen txalo zaparradaren aurrean, laster itzuli dira, eta bi bis jo dituzte. Louis Armstrongen What A Wonderful World abestiarekin itxi dute kontzertua, Ricard Gilik aurkezpenean esan duen moduan, “mundu hau ahalik eta azkarren hobea izateko” itxaropenarekin. Gilik berak kantatu du Armstrongen pieza ezaguna, eta begiak itxiz gero, Armstrong bera zela zirudien, berdin-berdin abestu baitu. Viktoria Eugenia zutik jarri da taldea txalo artean agurtzeko, gaurkoa bizitzan behin soilik ikusten diren kontzertu horietako bat izan baita; La Locomotora Negra bere azken bidaia egiten ari da, baina Donostiako jazz zaleek bidaia horretako geldialdi baten lekuko izateko zortea izan dute.