Azken hamarkadan Igeldora bideratu den aurrekontua aztertuko du udalak
Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortze aldera, Donostiako Udalak azterketa ekonomiko bat abiatu du. Zehazki, azken hamar urteetan udalak Igeldora bideratu duen aurrekontu zatia aztertuko du, gastuak eta inbertsioak aintzat hartuz. Tokiko Entitate Txikia sortzeko prozesua iazko azaroan hastea adostu zuten udalak eta Igeldoko Herri Kontseiluak.
Azterlana aurrera eramateko 110.000 euroko gastua aurreikusi du udalak, eta lehiaketa bidez adjudikatuko dituzte lanak. Horrela, aurrekontuetan espezialitatutako enpresek euren proposamenak aurkeztu ahalko dituzte abuztuaren 3ra bitarte. Behin azterlana adjudikatuta, enpresa horrek hamahiru hilabeteko epea izango du aurkezteko. Beraz, 2022ko urte bukaerarako espero da azterlan horren emaitzak izatea. Horrek, noski, Tokiko Entitate Txikiaren sorreran eragina eta atzerapena izango du.