Frankismoaren eta nazismoaren bi biktima donostiar kale-izendegian sartzeko proposatu du Elkarrekin Donostiak
Haizea Garai Elkarrekin Donostia udal taldeko zinegotziak egin du proposamena gaur ospatu den Udalbatzarrean. Auschwitzeko kontzentrazio esparruan hildako donostiar emakume bakarrari, Simona Paquita Lelouchi, eta erregimen frankistak Madrilen fusilatu zuen Blanca Brisac donostiarrari kale bat emateko eskatu du.
Gaur bertan ospatu den udalbatzarrean, PP taldeak Donostiako kale bati ‘Jose Maria Calleja’ izena jartzeko proposamena egin du, baina ez du udalbatzaren gehiengoaren babesa lortu. Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak ordea, beste proposamen batekin erantzun du: kaleen ponentzia eratzea bi emakume donostiarren izenak kale-izendegian sartzeko. Emakumeen eta Hiriaren Foroaren edo memoria historikoaren kontseilu sektorialaren irizpidea kontuan hartu behar dela aldarrikatu du. Gizonen presentzia murriztu eta banaketa desorekatuarekin amaitzeko urratsak eman behar direla dio koalizioak: “Beharrezkoa da hiriaren ikuspegi feministan aurrera egitea, eta horretarako ezinbestekotzat jotzen dugu egungo egoera iraultzea eta emakumeek espazio publikoa okupatzea”.
Horregatik, kale-izendegian bi emakume hauen izenak sartzea proposatu du. Simona Paquita Lelouch nazismoak hil zuen emakume donostiar bakarra da, Legazki kaleko 9.zenbakiko larrugintza bateko merkatarien alaba zen. 20 urte besterik ez zituela hil zuten, Auschitzeko kontzentrazio-esparruan 1943ko irailaren 12an.
‘Hamairu Arrosak”, erregimen frankistak Madrilen fusilatu zituen hamairu emakume gaztek osatzen duten taldearen izena da. Emakume horietako bat izan zen Blanca Brisac, 1936ko abuztuaren 5ean, 29 urte zituela frankistek Madrilgo Ekialdeko hilerriko hormarena aurrean fusilatu zuten.
Kaleen batzorde txostengilea osatzeko eskaera erresgistratuko dutell iragarri du Garaik. Hala, proposamen guztiak ahalik eta eragile gehienekin aztertuko dituzte, “gure kale-izendegia maila guztietan, espazio publikoan barne, ikusezin bihurtutako hainbeste emakumeen duintasunerako tokia ere izan dadin”.