Donostiako kirolariak prest daude Tokioko jokoetarako
Bihar hasi eta abuztuaren 8ra bitarte jokatuko dira Tokioko Olinpiar Jokoak. Euskal Herriko 30 kirolari izango dira lehian, eta horietatik lau dira Donostian jaiotakoak edo kirol bizitza egindakoak: Clara Azurmendi badminton jokalaria, Martin Zubimendi futbol jokalaria, Maialen Chourraut piraguista eta Odei Jainaga xabalina jaurtitzailea.
Azurmendik bihar egingo du debuta, 13:00etan. C taldean jokatuko du sailkatzeko ligaxka. Hedabide honek Grosekoarekin hitz egin zuen Tokiora abiatu aurretik. Zubimendi, berriz, dagoeneko lehian da. Espainiako futbol selekzioak atzo jokatu zuen Egiptoren kontra, eta hutsean berdindu zuten. Zubimendi ez zen deialdian sartu. Aldiz, selekzioarekin Tokion dauden Realeko beste bi jokalariek, Mikel Merinok eta Mikel Oiartzabalek, jokatu zuten.
Donostiako Atletikoko Chourraut piraguista laugarrenez ariko da Olinpiar jokoetan. Londresen (2012) brontzezko domina irabazi zuen, eta Rion (2016) urrezkoa. Tokion ere dominen lehian ibili nahi du. Etzi izango du sailkatzeko proba (06:00). Realeko Jainaga xabalina jaurtitzailea, berriz, abuztuaren 4an hasiko du sailkatze proba (02:05). Lesio bat du sorbaldan, eta adierazi du ez duela dominen lehian aritzeko itxaropenik.
Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis
Tokioko Paralinpiar Jokoak, berriz, abuztuaren 24tik irailaren 5era bitarte jokatuko dira, eta bi igerilari donostiarrek parte hartuko dute: Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis. Hedabide honek bi kirolariekin hitz egin du azken hilabeteetan, eta konfinamenduak biei on egin diela adierazi dute. Llopisen kasuan, elikadura hobetzen lagundu ziola dio. Bestalde, Zudairek presio handia zuen itxialdiaren aurretik, eta jokoak urtebetez atzeratu izanak asko lasaitu zuela gehitu zuen.