Donostiako traineruek bolada onari jarraipena eman nahi diote
Euskadiko traineru txapelketa pasata, asteburuan itzuliko dira Euskotren eta Eusko Label liga. Bihar, Castron (Kantabria, Espainia) izango dute zazpigarren jardunaldia (17:40), eta etzi Lekeitioko uretan jokatuko da zortzigarren jardunaldia (11:40). Arraun Lagunakek Euskadiko txapelketa irabazita, astea borobildu nahiko du Euskotren ligako lidertza sendotuta. Une honetan puntutan berdinduta daude Oriorekin. Banderen lehian ere izango dira, noski. Donostiarrak ere aukera izango du denboraldiko lehen garaipena lortzeko, Euskadiko txapelketan hirugarren geratu ostean.
Eusko Label ligan, berriz, Donostiarrak erregulartasunarekin hautsi eta koxka bat gora egiten ahaleginduko da. Bosgarren postuaren bueltan ibili dira azken estropadetan, eta sailkapenean ere toki horretan daude. Ohorezko txandan aritzeko aukera lortzearekin batera, banderen lehian sartzeko aukera izango dute.
Azkenik, KAE2 mailan Donostiarraren bigarren taldeak Pasaiako uretan izango du estropada, bihar, 17:30ean.