Edukiera %35era jaisteak zinema aretoen haserrea eragin du
EAEko zinema aretoen elkartea (EZAE) haserre dago Labi batzordeak ezarritako azken neurriekin, eta ohartarazi dute areto ugari itxi egin beharko dituztela. Elkartearen iritziz, “ulertezina” da aretoen edukiera %35era jaistea, “pandemian zehar ez baita inoiz horrenbesteko murrizketarik egin”. SADE enpresak hiru zinema areto ditu Donostian –Principe, Trueba eta Antiguo Berri–, eta elkartearen antzera azken neurriak salatu dituzte.
Koronabirusaren krisia sortu zenetik ez da agerraldirik erregistratu aretoetan, elkarteak azpimarratu duenez. 2020an eta 2021ean izandako galera handien zati bat berreskuratzen hasi arren, murrizketa hauekin zaila izango da jarduerari eustea. Hain edukiera txikiarekin, estreinaldi garrantzitsuenak hartzeko eragozpenak izango dituztela uste dute. EZAEko bazkideek orain arteko baldintza berberetan jarraitzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari.