"Itzultzaileok munduko literatura guztia daukagu guretzat"
Koro Navarrok (Parte Zaharra, 1955) 30 urtetik gora daramatza euskal itzulpengintzan lan egiten, eta munduko idazle handienetako batzuen obrak euskaratu ditu: Truman Capote, Dian Fossey, Agatha Christie, Edgar Allan Poe, Dolores Redondo eta Pio Baroja idazleenak, besteak beste. Bere enegarren liburua itzuli berri du orain: Ernest Hemingwayren ‘Fiesta’.
Nola iritsi zitzaizun ‘Fiesta’ itzultzeko eskaintza?
Ez zen eskaintza bat izan. Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du Literatura Unibertsala itzulpengintza proiektua, eta urtero liburu zerrenda bat argitaratzen dute, itzultzeko. Horrela, nahi duen orok hartzen du parte, liburu horietakoren baten lagin bat itzuliz. Lagin horiek aztertuz, itzulpen onenak aukeratzen dira, eta itzulpen osoa egitea eskaintzen zaie hautatutako itzultzaileei.
Zergatik hautatu zenuen ‘Fiesta’?
Begiratu nuen zein liburu zeuden ingelesetik itzultzeko. Izan ere, nik ingelesetik euskarara itzultzen dut orokorrean. Fiesta zegoela ikusi nuen, horrekin aurkeztu nintzen, eta aukeratu egin ninduten.
Beti itzuli izan duzu ingelesetik?
Bai, ingelesetik itzultzen hasi nintzen eta hala jarraitu dut. Egin dudan lan guztia begiratzen dut, eta beldurra ematen dit, liburu asko eta asko baitira, eta batzuk oso lodiak eta politak. Esaterako, Gose jokoak trilogia itzuli nuen.
Nolakoa da itzulpen bat egiteko prozesua?
Itzultzaile bakoitzak bere modura egiten du. Askok liburua ondo irakurtzen dute itzultzen hasi aurretik, hari buruzko informazioa biltzen dute, eta abar. Nik, horrela egiten nuen hasieran, serioena iruditzen zitzaidalako. Halako batean, ordea, ipuin batzuk itzultzen ari nintzela, konturatu nintzen bat ez neukala irakurrita. Primeran pasa nuen hori itzultzen, ez nuelako horrenbeste ezagutzen; gainera iruditu zitzaidan oso ondo gelditu zela. Harrezkero, horrela egiten dut beti, nahiago baitut. Ezusteko gehiago izaten dituzu, eta nik hobeto pasatzen dut. Era berean, irakurri eta itzuli ahala liburuan gauza bitxiak aurkitzen baditut, kontsultatzen joaten naiz.
‘Fiesta’ itzultzeak berezitasunik izan du zuretzat?
Hasieran, ez zitzaidan batere gustatzen. Alde batetik, Hemingwayri berari mania pixka bat nion. Bere alfa irudi hori, ekintza gizonarena, zitzaidan batere gustatzen. Bestetik, liburua bera ere ez zitzaidan asko gustatu hasieran. Horregatik, itzulpena gogorik gabe egiten hasi nintzen. Ordea, gero liburuari buruzko ikerketaren bat irakurri nuen, eta motibatzen joan nintzen.
Hala ere, betiko moduan zuzenketa ugari egin behar izan nizkion. Izan ere, testu osoa itzultzen duzunean, iruditzen zaizu dagoeneko sekulako lana egin duzula, baina errepasatzen hasten zara eta konturatzen zara gauza asko daudela hobetzeko.
Sanferminen historia baldintzatu du ‘Fiesta’-k.
Munduko mapan kokatu zituen sanferminak, ez dago zalantzarik. Hala ere, niri zezenak eta horrelakoak ez zaizkit batere gustatzen, beraz, ez da gehigarri bat izan niretzat. Liburutik ez zitzaidan ia ezer gustatzen, soilik Donostiara etortzen dela kontatzen duen zatia eta mendira arrantzara doanekoa. Liburuan agertzen den Donostia gustuko dut, baita Nafarroako mendietako lasaitasun momentu horiek ere. Izan ere, kontakizuna eromena da denbora guztian: festa, jende pilo bat hizketan, eta abar. Halako batean, ordea, kontrapuntua egiten duten bi momentu horiek daude. Horiek gustatu zitzaizkidan batez ere, sekulako atseden momentuak direlako irakurlearentzat. Gogoa ematen du Donostiara etortzeko, nahiz eta gaur egungo Donostia ez den ordukoa.
Sanferminetara joan izan zara?
Txikia nintzenean Nafarroan pasatzen genituen oporrak, eta sanferminetara ere joaten ginen. Txikitan eta oso gaztetan egondakoa naiz, baina oso modu inozentean [barrez]. Geroztik, ez naiz ia inoiz joan, eta adin batetik aurrera, gogorik ere ez daukat.
Nolako Donostia irudikatzen du Hemingwayk?
Hemen gau bat edo bi baino ez ditu pasatzen, baina irudi zoragarria ematen du. Erdialdeko Donostiari buruz hitz egiten du: Kontxa eta Bulebarra, nahiz eta ez duen Bulebarra hitza erabiltzen. Parte Zaharrik ez dago, orduan ez baitzen gune turistiko bat. Gainera, pentsatzen dut nahiko auzo triste eta pobre samarra izango zela. Hemingway aberatsen zonan ibiltzen da liburuan. Inudeak aipatzen ditu momentu batean, eta ondo jantzitako umeei buruz ere hitz egiten du. Ondoren, hondartzara joaten da, eta handik ikusten duen zerbait deskribatzen du. Nire ustez, eta hala aipatu dut hitzaurrean, gabarroia ikusten du. Oso polita da pasarte hori niretzat, oso ondo kontatzen baitu nola sartzen den itsasoan, nola egiten duen igeri, olatuek hara eta hona eramaten dutela, eta abar. Horrela, gabarroira joaten da, eta han bikote batekin egiten du topo. Neskak bainujantziaren goiko parte kenduta darama! Pentsa, garai hartan hori ez zen batere ohikoa. Horrez gain, liburu guztian zehar egiten duen moduan, asko jan eta edaten du Donostian, nahiz eta hemen beste leku batzuetan baino txintxoago dagoen, bakarrik dagoelako.
Beste bitxikeria bat: Bere hotelera joaten denean, kontatzen du Euskal Herriko Itzulia egiten ari dela, eta bere hotelean txirrindulariak daudela. Txirrindulariek nola afaltzen duten kontatzen du. Eta oso zeharka esaten badu ere, dio txirrindulariek iruzur bat prestatu zutela hotelean.
Hemingway ez da itzuli duzun autore handi bakarra. Baduzu bereziki gustuko duzunen bat?
Itzuli ditudan liburuetako batzuk asko gustatzen zaizkit, eta garrantzitsuak izan dira niretzat. Isaac Bashevis Singerren Zortzi kontakizun, esaterako. Izan ere, Europako erdialdea ezagutzera bultzatu ninduen. Bestalde, asko gozatu nuen Dian Fosseyren Gorilak lainopean liburuarekin. Itzulpen hori eskaini zidatenean, baietz esan nuen, baina beldur pixka bat nuen, uste bainuen teknizismo asko izango zituela. Neure burua imajinatzen nuen gorilen gorotzak nola deskribatuko nituen bilatzen, eta abar. Ordea, egiazko abenturak kontatzen dituen liburu abentura liburu zoragarria da.
Pentsamenduaren Klasikoak izeneko sail baterako itzuli nuen liburu hori. Dagoeneko ez da existitzen, baina gauzak oso ondo egiten zituzten. Lana ondo ordaintzen zuten, zuzentzailea ere ordaintzen zuten eta oso zaindua zen dena. Gorilak lainopean libururako, Iñaki Segurola zuzentzailea aukeratu nuen, euskara hobekien menderatzen duen idazleetako bat delako. Hark esan zidan liburuko kapitulu batzuk, trafikatzaileek gorila txikiak lapurtzen dituztenekoak bereziki, zoragarriak izan zitezkeela eskoletan irakurtzeko, hezkuntza arlorako oso aproposak zirelako. Erein argitaletxekoei proposatu nien kapitulu horiekin hezkuntzara bideratutako liburu bat egiteko, eta baietz esan zidaten. Horretarako eskubideak eskatzerakoan, agenteak ez zuen ondo ulertu, eta beste gutun bat idazteko eskatu zuen, gure asmoa hobeto azaltzeko. Niri eskatu zidaten idazteko, eta dirudienez, primeran idatzi nuen, hunkituta baietz erantzun baitzuten, oso ideia ona iruditzen zitzaiela. Liburua atera zen, baina ez dakit inork irakurri duen, egia esan. Oso aproposa da arlo horretarako, baina ez denez hezkuntza programetan sartzen…
Nahikoa aitorpen dauka itzulpengintzak gurean?
Urte luzez ez du izan, baina orain badaukala iruditzen zait. Edo, behintzat, hasi dela aitorpena izaten. Lan asko egin da urte askoan, itxuraz fruiturik gabe, baina ematen du lan hori orain ari dela fruituak ematen. Gu hasi ginenean, mespretxatu egiten zen itzulpena. Jatorrian euskaraz idatzitako liburuan lehenesten ziren beti, pentsatuz itzulpenen euskara ez zela jatorrian euskaraz idatzitakoena bezain ona. Eta hori ez da hala.
Edozein idazle euskarara ekarri dezakegu itzulpengintzan, hori da gure abantaila nagusia. Munduko onenak ere euskaratu ditzakegu. Baditugu idazle euskaldun oso on batzuk, baina ez dira munduko onenak eta lau katu dira. Aldiz, itzultzaileok munduko literatura guztia daukagu guretzat.