Pasealeku Berria itxita egongo da uztailaren 26tik abuztuaren 19ra
Datorren astelehenetik aurrera, Pasealeku Berria zirkulazioari itxita egongo da, barraken gunea jarriko delako. Abuztuaren 19ra arte ezingo dute motordun ibilgailuek pasealekutik ibili. Oinezkoek, berriz, aukera izango dute. Itxiera Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen eraikinetik aurrera egingo dute. Era berean, Dbusen Urgullerako lineako zerbitzurik ez da egongo uztailaren 28tik abuztuaren 19ra, biak barne.
Barraken gunea
Abuztuaren 1etik 15era Pasealeku Berrian 28 barraka jarriko dira haur zein helduentzat. Barrakak 17:00etatik 23:30era arte egongo dira zabalik. Haurrenak Pasealeku Berriko kaiko sarreratik gertu egongo dira, eta aldiz, 8 urtetik gorako pertsonentzako barrakak Oteizaren eskulturaren ondoan dagoen eremuan.
Donostiako Festetako langileek kontrolatuko dute Pasealeku Berriaren edukiera, eta sarreretatik gertu hainbat pantaila jarriko dira –Ijentea, Portaletak, Apaizen Pasealekua eta Argazkilaritza Elkartea– une oro barraken gunearen egoera ezagutzeko. Gainera, gune osoan maskara eramatea derrigorrezkoa izango da.