Xarma gehiago du
1990eko hamarkadan Belodromotik berriz ere Trinitate Enparantzara ekarri zuten urte haietako Jazzaldiaren antza du aurtengoak, gertuagokoa da nire ustez.
Iazkoa bezala, aurtengo 56. Jazzaldia ere pandemiaren egoerak markatuta etorri da. Azkenengo urteetakoekin konparatuta tamaina txikiagoko jaialdia da, baina aldi berean horrek xarma gehitu egiten dio nire ustez. 1990eko hamarkadan Belodromotik berriz ere Trinitate Enparantzara ekarri zuteneko urte haietako Jazzaldiaren antza du, gertukoagoa nire ustez. San Telmo Museoko klaustroa aparta da pianoarekin bakarka eskaintzen diren kontzertuetarako. Mikrofonia eta anplifikaziorik gabe, pianoa zuzenean entzutea inguruko txorien kantuekin batera ederra da, giro berezia sortzen da. Asteazken goizean kontzertu sorta hau hasi zuen Franco D’Andrea pianojole italiarra ikusten izan nintzen. 80 urterekin ederki eusten dio bere arteari eta gaitasun teknikoari. Libre jo zuen oso inprobisatua zirudien musika. Gustatu zitzaidan goizean, baina are gehiago gauean, Trinitate Enparantzan Dave Douglas tronpeta jotzailearekin jo zuenean. Kontzertu interesgarria izan zen gauekoa, jazzaren ertz desberdinak ikutuz: disonantziak, doinu klasikoagoak… Publikoak ondo gozatu zuen bukaera aldera jo zuten blues-swing pieza, Dan Weiss bateria jolearen erritmo indartsuarekin.
Trinitate plazako bigarren emanaldia Cécile McLorin Salvant abeslariarena izan zen, pianoaz bakarrik lagunduta. Izugarrizko artista da eta maila altuko kontzertua eskaini zuten berak eta Sullivan Fortner pianistak. Lole y Manuelen Todo es de color abestiaren bertsio ederra eskaini zuten eta kontzertua bukatzeko Alfonsina y el mar klasikoa jo zuten. Arratsaldean Jose James abeslaria izan zen Kursaaleko aretoan. Ahots ederra eta itxura cool-a duen gizona da James. Bill Withers zenaren Ain’t no sunshine abestiarekin hasi zuen kontzertua, eta ondoren, jazz, hip-hop, eta soul estiloko abestiak jo zituen.
Ostegunean Kursaaleko aretoan Buika abeslari ginear espainiarra ikusten izan nintzen. Energia haundiko abeslaria da, baina kontzertua monotono samarra egin zitzaidan. Soinua ez zen batere ona eta abestien artean esan zituen hitzak mistikoak izan ziren: ez zuela herri honen istorioa ezagutzen, baina sentitzen zuela bihotzean asko sufritutako herria dela. Eta segidan negarrez hasi zen. Ez nuke jakingo esaten zenbateraino zen benetakoa edo teatroa.
Handik gogoz joan nintzen Trinitate Enparantzan ospatu zen gau kubatarrera. Gonzalo Rubalcaba pianistak eta Aymée Nuviola abeslariak aurreko egunean Cécile McLorinek eskaiini zuen kontzertuaren formatu berdina erabili zuten, pianoa eta ahotsa, baina Kubako ikuspuntutik. Artista apartak dira biak, goi mailakoak, eta Ayméek abesteaz gain bere hitzekin eta itxura afrokubatar exotikoarekin jendea bereganatu zuen, Dos Gardenias ezaguna abestuz.
Ondoren, aurtengo Jazzaldiak eskaini dion saria jaso zuen Chucho Valdés pianistak. Miguel Martín Jazzaldiko zuzendariak esan zuenez, jazza eta musika karibearraren mugak hautsi dituen musikaria da. Chuchok eskertuta jaso zuen saria eta gogoratu zuen orain dela 18 urte bere aita zen Bebo Valdesek sari berbera jaso zuela. 80 urte beteko ditu laster eta honek ere bere trebezia musikala erabat mantentzen du. Kontzertu zoragarria eskaini zuen bere taldearekin, intensitate erritmiko handikoa, tradizio afrokubatarra eta jazza uztartuz. Han geundenok kostata egon behar izan genuen eserita. Euria ari zuen, baino badute kubatarrek irribarrea eta gozamena kutsatzeko gaitasuna eta halaxe irten ginen gehienok amaieran Trinitatetik. Benetan merezitako saria jaso zuen Chuchok eta esker ona kontzertu ederra eskeiniz erakutsi zuen.