Piano gau magikoa Trinitate plazan
Trinitate plazak lotura berezia du jazzarekin eta Jazzaldiarekin, eta gutxitan egiten du huts. Atzokoa, beste gau magiko bat izan zen, Marco Mezquidaren eta, bereziki, Kenny Barronen eskutik.

Arratsaldean euria etengabe egin ostean, iluntzerako ateri zegoen Donostia, eta Trinitate plazako ikusleek dagoeneko ez zituzten behar Jazzaldiko langileek sarreran banatu zituzten pontxoak. Aski jakina da euria ez dela gai Parte Zaharreko plaza mitikoko kontzertuak zapuzteko, ez baitira gutxi euripean han egin diren kontzertu gogoangarriak, baina atzokoak eguraldia ere izan zuen lagun.
Segur aski, ikusle gehienak Kenny Barron ikustera joan ziren bereziki, jazzaren mito bat baita, baina Marco Mezquida piano jotzailearen hirukoteak —Aleix Tobiasek (perkusioa) eta Martin Melendezek (biolontxeloa) osatutakoa— ireki zuen gaua, eta ez zuen inor hotz utzi. Mezquidak hasieratik bereganatu zituen ikusleak bere gertutasunarekin eta, bereziki, bere musikarekin. Talisman (2020) diskoko abestiak izan ziren nagusi emanaldian, eta hirukoteak maisuki uztartu zituen erritmo handiko uneak, batzuetan kabaret kutsukoak, une melodiko eta lasaiagoekin, abestiren batean bluesera ere hurbilduz.
Bereziki politak izan ziren Alfajor eta Es Jardí de Ses Ànimes abestiak; azken hori, Mezquidaren lagun baten hildako alabari eskainia. Mezquidaren doinuak ziren nagusi, baina Tobiasek eta Melendezek ere izan zuten luzitzeko aukera, eta agerian utzi zuten lehenengo mailako musikariak direla. Serotonina kantarekin ziren amaitzekoak, baina ikusleen txalo zaparradaren aurrean, agertokira itzuli ziren, bis labur bat egiteko. Bukatzean, orduan bai, agertokia utzi zuten, Trinitate plazak zutik txalotzen zituen bitartean.
Ogitartekoa jateko atsedenaren ondoren, Kenny Barron pianista historikoaren laukotea igo zen oholtzara, eta Mezquidaren taldeak gauaren maila altu utzi bazuen, Barronek are altuago utzi zuen. 1943an jaio zen Filadelfiakoa (AEB), eta 20 urte eskas zituenean sartu zen Dizzy Gillespieren taldean. Horrez gain, Stan Getzekin, Yusef Lateeefekin eta Freddie Hubbardekin ere jotakoa da. Ibilbide horrekin, ezin zen kontzertu txarra izan. Trinitate plazako giro berezi hori lagun, jazz emanaldi magistral bat izan zen Barronek, Steve Nelsonek (bibrafonoa), Peter Washingtonek (baxua), Jonathan Blakek (bateria) eskaini zutena. Dena erraz eta bikain egiten zuten, eta maila oso handiko kontzertua izan zen.
Barronek ez zuen Mezquidaren gertutasuna izan ikusleekin, baina ez zuen behar izan, bere musikarekin nahikoa izan baitzuen Trinitate plaza bere egiteko. Une jakin batzuk kenduta, ia kontzertu osoan zehar bigarren planoan mantendu zen Barron, soloak bere musikariei utziz, eta hiruek ikuskizun bikaina eskaini zuten, bereziki ederra. Hala ere, Barronek ere izan zituen luzitzeko bere uneak, eta eskarmentu handiko musikaria dela erakutsi zuen; esaterako, Abdullah Ibrahim musikariaren omenezko Song for Abdullah pieza berak bakarrik jo zuen, eta bereziki polita izan zen. Horrez gain, abesti propio batzuk, Thelonious Monken batzuk eta Billie Holidayren bat jo zituzten, besteak beste. Bis bat ere egin zuten, eta Thelonious Monken Monk’s Dream – Take 8 abestia jo zuten, gaua biribiltzeko. Berriz ere, Trinitate plaza zutik jarri zen musikariak agurtzeko.
“Gure bizitzako unerik onenetako bat da hau”, esan zuen Mezquidak bere kontzertuaren hasieran, Jazzaldian eta Trinitate plazan jotzeko aukera izateagatik eskertuta. Agian gehiegi da hori esatea, baina gauza bat argi dago: jazz zaleontzat, Trinitate plazako kontzertuak urteko unerik onenetako bat dira, eta atzoko gaua izan zen horren erakusgarri.