Atsegina eta leuna
Israelgo Noa abeslariaren txanda izan zen gaueko bigarren zatian, Gil Dor gitarristarekin batera. Kontzertu honetarako bereziki Iñaki Salvador pianista donostiar aparta elkartu zitzaien.
Ostiral iluntzean neronek jo beharra izan nuen Donostiatik kanpo, eta ozta-ozta iritsi nintzen Trinitate plazako bigarren saioa ikustera. Kenny Barron pianista estatubatuarrak 78 urte ditu, eta esan zuenez hau izan da Jazzaldian jo duen zortzigarren aldia. 2000. urtean gainera, Donostiako Jazzaldiko saria jaso zuen. Post bop estiloaren barruan klasifikatzen da bere jotzeko era, armonia aberatsak, erritmo biziak eta minutuko nota asko joaz. Honek ere ederki mantentzen du bere gaitasuna dituen urteekin. Bateria jotzen aritu zen Filadelfiako Jonathan Blake musikariak aipamen berezia merezi du, zer nolako erritmoa eta instrumentuari musikalitatea ateratzeko gaitasuna duen. Emanaldiaren erdialdera Barronek Hego Afrikako Abdullah Ibrahim pianista goraipatuz, berari idatzi eta eskainitako Song for Abdullah jo zuen, bakarka, Abdullahren estilo intimista eta melodikoa gogorazten zuen pieza eder honek. Ibrahim iaz Jazzaldian jotzekoa zen, baina pandemia zela eta ezin izan zuen etorri. Nahiko nuke berriz ere etortzea, urteetan aurrera doa eta. Bereak izan dira gogoratzen ditudan Jazzaldiko kontzerturik ederrenak.
Atzo goizean San Telmora joan nintzen bezperan ikusterik izan ez nuen Menorcako Marco Mezquida pianista ikustera, pianoarekin bakarka. Azken urte hauetan gora azkar egin duen musikari gazte eta aparta da. Kontzertua oso inprobisatua izango zela adierazi zuen eta leun jotzen hasi bezain laster entzule baten telefonoaren txirrina hasi zen ozen etengabe, entzuleak ez zuen asmatzen itzaltzen eta pianistak azkenean gelditu egin behar izan zuen. Entzuleak barkamena eskatu zion eta Marcok modu onean onartu zion eskaria. Bizi ekin zion handik aurrera musikari, estilo klasikoko inrprobisazioak abanguardistagoekin tartekatuz. Eguerdiko 12etan puntuan Santa Maria elizako kanpaiekin batera bukatu zuen kontzertua, aurretik prestatutakoa zirudien keinu musikal batekin. Ondoren, bost aldiz irten zen bisa egitera, bere Lekeitio izeneko piezarekin hasi eta Xalbadorren Heriotzean abestiarekin bukatu arte. Jendea zoratzen irten zen handik. Sentsibilitate ederra erakutsi zuen Marcok gure hiria eta herriarekiko.
Arratsaldean Txillida Lekun New Yorkeko Marc Ribbotek jo zuen bere Ceramic Dog taldearekin. Hau ere Jazzaldiko eta Donostiako aspaldiko ezaguna da. Tom Waits, Elvis Costello edo Diana Krallen kaguntzaile izandakoa da, beste askoren artean, eta New Yorkeko Knitting Factory klubaren inguruan eman zen musika korronte estetikoaren ingurukoa da. Kapitalismoaren kontrako hitzekin hasi zuen kontzertu puskatzaile eta punk girokoa. Kontzertu latza izan zen, barruko deabruak botatzeko modukoa.
Gauean Trinitate plazan jatorri siriarreko Naïssam Jalal flautista eta taldeak hasi zuten saioa. Ekialdeko doinu exotikoak eta mendebaldeko erritmoak nahastuz saio polita egin zuten. Benetan eskertuta ziruditen Donostian jotzeko emandako aukeragatik. Ondoren, Israelgo Noa abeslariaren txanda izan zen gaueko bigarren zatian, Gil Dor gitarristarekin batera. Kontzertu honetarako bereziki Iñaki Salvador pianista donostiar aparta elkartu zitzaien. Atsegina eta leuna izan zen kontzertua. Ikuspuntu musikaletik interesgarria izan zen bi israeldarrek donostiarrarekin nola prestatu zituzten abestiak.