Donostiarrak eta Arraun Lagunakek bandera bana astindu dute
Eusko Label ligan Donostiarra bosgarren postutik gora aritu da asteburuan. Larunbatean hirugarren sailkatu ziren Castron, eta atzo laugarren Lekeition.
Asteburu ona izan da Donostiako traineruentzat. Larunbatean, Arraun Lagunakek Castroko bandera astindu zuen, Orio, Donostiarra eta Hondarribiaren aurretik. Atzo, berriz, Lekeitioko uretan Donostiarra izan zen onena, Orio, Arraun Lagunak eta Hondarribia gaindituta. Euskotren ligan, Arraun Lagunakek lider jarraitzen du –25 punturekin–, baina berriz ere Oriorekin berdinduta . Donostiarrak, berriz, aurrerapausoa eman du atzoko garaipenarekin eta sailkapeneko hirugarren postuan egonkortu da –17 punturekin–.
Eusko Label ligan Donostiarra bosgarren postutik gora aritu da asteburuan. Larunbatean, hirugarren sailkatu ziren Castron, Hondarribiak irabazitako estropadan. Atzo, Lekeition, laugarren izan ziren azken txanda oso ondo hasi eta ez horren ondo bukatu ondoren. Bandera une batzuetan eskura izan zuten. Sailkapenean bosgarren lekuan jarraitzen dute 66 punturekin.
KAE2 ligan, aldiz, Donostiarraren bigarren taldeak denboraldiko estropada onena egin zuen Pasaiako uretan. Hirugarren denborarik onena egin zuten Errenteriako banderan.