Toldoekin egindako moda produktuak Aquariumean eskuratu daitezke
Kontxako eta Ondarretako hondartzetako toldoak poltsa, motxila eta diru-zorro, besteak beste, bihurtzen ditu Tela Marinera markak. Ekonomia sozialean eta zirkularrean oinarriturikoa da, eta produktuak salgai jarri dituzte Donostiako Aquariumeko dendan. Produktuek izan duten arrakasta dela eta, dendako erakusleihoan jarri dituzte, Donostiako kaira hurbiltzen diren bisitari guztiek Sindesperdicios-ek sortutako bilduma ikusgarria ikus dezaten.
Donostiako AEG Berrikuntza Profesionalen Eskolan ikasitako Jone Pujana diseinatzaile gaztea da Tela Marinera markaren sortzailea. Kantauri itsasoan inspiratutako bilduma txuri-urdina hondartzetako toldo zahar horietatik geratzen zen stocka aprobetxatzeko sortu zen, eta, bide batez, nahiko harrera ona izan zuen.
Ordutik, diseinua eta kontzeptua aldatu dira, Gipuzkoako beste enpresa batzuetatik datozen beste hondakin batzuk erabiltzen dituztelako: Irizar enpresako autobusetako eserlekuen larruzko zatiak, Astore eta Ternua marken kremailerak, eta Emausen ohiko bilketetatik datorren estalkia. Horrela, esperientzia zirkularragoa da, eta hainbat hondakin izatetik produktu esklusibo eta errepikaezina izatera pasatzen dira, ez baitira bi berdin ateratzen.