Uztaileko gau magiko horietako bat
Aurtengo Jazzaldiko azken eguneko kontzertuak zoragarriak izan ziren. Goizean, San Telmoko piano zikloan Iñaki Salvadorrek bakarka jo zuen. Sarrerak agortuta, ezin izan nuen kontzertua ikusi tamalez. Arratsaldean, bai, ordea, Silvia Perez Cruz eta bere Farsa Circus Band-en emanaldia Kursaaleko aretoan. Zirkuan, kabaretean eta zineman oinarritutako estetikarekin osatutako espektakulua izan zen, Silviak berak baieztatu zuenez. Musikariak zirkurako modura jantzita agertu ziren, argien diseinua zoragarria izan zen eta soinua ere ona. Bere azken diskoko abestiak aurkeztu zituen, aurreko diskoetako abestiekin eta bertsio batzuekin tartekatuz, katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez. Nabarmentzekoa iruditu zitzaidan Mañana abestiaren interpretazio zoragarria eta baita Simon & Garfunkelen Sound of Silence kantuaren moldaketa. Musikari oso onek osatzen dute banda, tartean aurtengo Jazzaldian hirugarren aldiz jo zuen Marco Mezquida pianistak ere bai. Jendea pozik irten zen kontzertutik.
Trinitate plazako programa maila oso altukoa izan zen bart: Brad Mehldau pianista aurrena eta Bill Frisell gitarrista ondoren. Eguraldiak errespetatu gintuen, eta Trinitateko agertokian sortu litezkeen uztaileko gau magiko horietako bat bizi izan genuen. 20:00etan puntuan hasi ziren Brad Mehldau pianoan, Larry Grenadier kontrabaxuan eta Jeff Ballard baterian, Paul McCartneyren Great Day abestiaren bertsio ederra joz, blues ukitu nabarmenarekin. Badu Mehldauk pianoa jotzerakoan artikulazio berezi eta zoragarria, pianoari oso soinu pertsonal eta erakargarria atereaz. Jotzeko modu oso garbia du, eta inprobisazioetan jotzen dituen nota kopurua ederki neurtzen du, arnasa hartzeko isiluneak tartekatuz. Soinua ia akustikoa zen, oso ederra, eta horrek indarra gehitu egiten zion belarrietara iristen zitzaigun musikari. Sarritan gehiegizko bolumenak oztopo egiten dit kontzertuak behar bezala dastatzeko, baino atzo aurretik ondo pentsatuta zekarten kontzertuak nolako akustika izan behar zuen. Eta baita ederki asmatu ere, nire ustez. Bestalde, kontzertua ia osorik egun argitan izan zen eta plaza eder horrek oraindik ere gehiago indartzen du musikariek sortutako giroa.
Ondoren, dagoeneko ilunduta, Bill Frisell gitarrista agertu zen bere hirukotearekin. Honek ere oso soinu eta jotzeko era bereziak ditu, oso pertsonalak. Ruper Ordorikaren diskoetan Ben Monder gitarristak sortzen dituen giroak gogorazten ditu Frisellen jotzeko moduak. Bluesa ere argi azaltzen zen bere inprobisazioetan, eta konposizioak bata bestearekin etengabe batuz giro hipnotiko bat sortu zuten musikari handi hauek. Publikoan zegoen Marco Mezquida bere lau hilabeteko ume jaioberria besoetan zuela, eta berak aurrekoan San Telmon esan zuen bezala, harro egon beharko genuke bost egunetan Jazzaldiak eskaintzen dituen goi mailako proposamenekin.