Xabier Erkiziaren 'Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbanak, orbanak dira izenak' lana egongo da ikusgai San Telmo Museoan
Donostiako Musika Hamabostaldiak eta San Telmo Museoak hitzarmen bat sinatu dute museoan musika jarduerak antolatzeko eta lankidetza bultzatzeko, jaialdiaren programazioaren barnean. Horrela, San Telmo Museoan diren kontzertuak zein bestelako jarduerak adostuko dira, eskaintza aberasteko eta kultura sustatzeko helburuarekin.
Aurtengo kasuan, Musika Hamabostaldiak Donostiako Cibrian Galeriari erositako Xabier Erkiziaren ikus-entzuneko instalazioa eman dio dohaitzan museoari; Zubiak dira zauriak, zauriak dira orbanak, orbanak dira izenak deituriko instalazioa, alegia. 2016 eta 2020 urteen artekoa da, eta 60 minutu irauten ditu.
Obra museoko ekitaldi aretoan egongo da ikusgai, abuztuaren 3tik 31ra. Asteartetik igandera izango da, 10:00etatik 20:00etara, eta sarrera doan izango da.
Egilearen hitzetan, “ibai baten jatorriari buruzko sozialki nahiz kulturalki onartzen ditugun hainbat ulerkeraren inguruan egindako ikerketa prozesu baten ondorio da instalazio hau. Kasu jakin honetan, lanak Urumea ibaia hartzen du hizpide, Gipuzkoako ipar-ekialdea buruz buru gurutzatzen duen ibaia, Basakabiko gainetik hasi, Ezkurra eta Leitza artean (Nafarroa), Donostian, Gipuzkoako hiriburuan, itsasoratzen den arte. Lan honek Urumea ibaia zeharkatzen duten zubi guztietan egindako soinu grabaketak erabiltzen ditu langai nagusi gisa. Ondorioz, artelanak oinarri duen artxiboa, minutu luzeko laginekin osatuta dago, eta hauetako bakoitzak soinuzko bibrazioak jasotzen ditu.