Donostiako Udalaren txistulari taldeak San Ignazio eguneko kontzertu berezia emango du
Larunbatean, hilaren 31n, San Ignazio eguna izango da, eta Donostiako Udalaren txistulari taldeak kontzertu berezia eskainiko du. Donostia Festakek antolatuta, txistulari taldearekin batera Amaikak-bat elkarteko danborrada eta Lezoko dantzariak izango dira. Kontzertua Trinitate plazan izango da 12:30etik aurrera eta sarrera doakoa izango da edukiera bete arte.
Txistulari taldeak Gipuzkoan barrena bidaia musikala eginez hasiko du kontzertua. Seguran abiatuta Segurako goiza kalejirarekin, Bedaio, Eibar edota Irun bisitatuko ditu (beste batzuen artean) bere errepertorioaren bitartez; azken geltokia Donostia izango da. Kalejira, dantza doinu, pasodoble edo fandango eta arin-arinek osatutako errepertorioa entzungo da kontzertuan.
Behin Donostian kokatuta, Antzinako ereserkia izango da joko duten lehen doinua, Amaikak-bat elkarteko danborrada eta Lezoko dantzariek bat eginda txistulari taldeari. Jarraian, guztiok elkarrekin, Gipuzkoako ereserkia, Idiarena eta San Ignazio Martxa eskainiko dituzte.