Aste Nagusiko erraldoiak San Telmo museoan daude ikusgai
Itzurun konpartsako erraldoiak San Telmo Museoan daude. (Argazkia: Idaira Agirregomezkorta) Itzurun konpartsako erraldoiak San Telmo museoan daude jada, eta bertan egongo dira irailaren 12ra arte. Erraldoi horiek Donostiako kaleak alaitu izan dizkigute, baina aurten COVID-19aren izurritea dela eta, bigarren urtez jarraian, ez da Aste Nagusiko kalejira egingo; beraz, San Telmo museoan daude ikusgai erraldoiak, beraietaz beste era batera gozatu ahal izateko. Asteartetik igandera, 10:00etatik 20:00etara izango da erraldoiak bisitatzeko ordutegia.
Erraldoien erakusketa Abuztua Donostian egitasmoaren parte da. Izan ere, abuztuan ez dira jaiak ospatuko, ezta ez-jaiak ere. Beraz, Aste Nagusiaren ordez egitarau kultural zabala eskainiko du udalak; 183 kultur jarduera, hain zuzen. Horien artean dago erraldoiak San Telmo museoan ikusi ahal izateko aukera, kalean ikustearen ordez.


