Egiako haurrek Zurriola hondartza garbitu dute
Pasa den ostiralean, uztailaren 23an, Altzako eta Groseko hartxokoetako haurrak Zurriola hondartzan izan ziren, bertako plastiko hondakinak eta zaborra jasotzeko helburuarekin. Ostiralaz gain, Egiako haurtxokokoak izan ziren atzo. Haurrak 5 eta 11 urte bitartekoak izan ziren, eta 24 haur izan dira talde bakoitzean. Beraz, guztira 72 haur aritu dira hondartza garbitzen.
Zero Plastik egitasmoaren barruko jarduera bat izan da; izan ere, egitasmo horrek erabilera bakarreko ontzien gehiegizko erabilera eta hondakin horiek ingurumenean duten kaltea kontuan hartzea du helburu. Gainera, Donostiako Udalak Sebastian bisigua jarri du Zurriolako pasealekuan. Iñaki Arbelaitz artistaren eskultura da, eta 4,5 metroko luzera dauka. Uda amaitu arte izango da bertan instalatuta. Sebastian-i jarritako plakan Itsasoa plastikoz betetzen ari da mezua irakur daiteke. Plastikoaren birziklapena sustatu nahi du, eta zaborrontzi funtzioa ere betetzen du eskultura horrek. Haurrek, jasotako zaborrarekin, bisigua bete dute.
Unai Sansebastian udalekuen koordinatzailearen esanetan, “harrituta” geratu ziren aurkitu zuten plastiko kopuruarekin. Ez zuten hainbeste batzerik espero, eta haurrak gogotsu aritu ziren garbiketa lanetan.
Ikasitakoari dagokionez, haurrak konturatu ziren lurrera botatzen dugun zaborrak itsasoan bukatzen duela, eta itsasoa plastikoz beteta dagoela. Horregatik, saiatu behar gara ahalik eta plastiko gutxien erabiltzen, eta erabiltzen dena behar bezala birziklatu behar dugu edukiontzi horian, inoiz lurrera bota gabe.