Kursaaleko fatxada artelan digital bihurtuko da
Kursaal Kongresu Jauregiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroak sinatutako akordioaren barruko ekimena da. Jaime de los Rios artistak egindako piezak Kursaaleko hormak apainduko ditu.
Datozen hiru urteetan arte digitalaren sorkuntza eta zabalkundea bultzatzeko lankidetzan arituko dira Kursaal Kongresu Jauregiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Zentroa. Arte-sorkuntza forma berrien alde egiteko indarrak batu dituzte eta hala azaldu dute gaur goizean Kursaalen egindako prentsaurrekoan. Jon Insausti, Donostiako Kultura zinegotzia, Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia, Iker Goikoetxea, Kursaaleko zuzendari-gerentea eta Jaime de los Ríos artista izan dira bertan. Lankidetza honen bitartez, hiriko ekosistema kulturala aberastu nahi dute, kultura eta artea herritarrengana hurbiltzeko eremu publikoa erabiliz.
Urtero, Medialab Tabakaleran, esperimentazioari eta kultura digitalari eskainitako espazioan, artista bat gonbidatuko dute arte digitaleko pieza bat ekoizteko, Kursaaleko hiri-pantaila handian proiektatua izan dadin. Lehen edizioko kolaboratzailea Jaime de lo Rios donostiarra da. Internetaren aroko artista eta komisario adierazgarrienetako bat da. Artearen mugimendu teknologikoaren oinordekoa da, hala nola, konstruktibismo geometrikoa eta Argiaren artearena. Arteklab Arte eta Zientzia laborategiaren sortzailea ere bada, Arteleku sorkuntza zentroan. Bere artelanak konstruktibistak eta generatiboak dira, etengabe eboluzionatzen ari direnak.
Medialab Tabakaleraren laborategian sortutako Crimson Waves (Ilunabarreko olatuak) lana pintura algoritmikoa da. Higidura eta koloreak geometrikoki eraikitzen ditu, itsasertzeko harkaitz baten gisan, Kursaal eraikinaren arkitekturarekin elkarrizketan. Jaime de los Rios artistak Moneoren eraikineko azal digitala sortuko du, natura eta hiria, olatuak eta islak elkartzen, koreografia hibrido zibernetiko batean. Artistaren hitzetan, eraikinak natura eta hiriaren arteko muga irudikatzen du askorentzat, baina beretzat muga baino fusioa irudikatzen du. Obra konstruktibista den heinean, interpretazio librea duen lana dela adierazi du: “norberak bere narratiba eta poetika sortu dezake lan honetatik”.
Lehen edizioa irailean hasiko da, hileko bigarren asteburuan. Eguzkia sartzen hasten denean, artearen argiak piztu egingo dira, artista donostiarraren obra Kursaaleko fatxadan proiektatuko baitituzte.