“Zaborrontzi arrunt bat jarri beharrean, esanahi bat ematea lortu nahi izan da”
Iñaki Arbelaitz Kuda estudioko arkitektoa da, eta Zurriola hondartzan dagoen 'Sebastian' bisigua sortu dute hirigintza taktikoko ekintza bezala. Ekintza hori udalak bideratutako Zero Plastik egitasmoaren barruan dago, eta Iñakirekin hitz egin dugu 'Sebastian'-i buruz gehiago jakiteko.
Nondik dator bisiguaren ideia?
Kuda estudioan hirigintza, ingurumena eta arkitektura lantzen ditugu. Konturatu gara hirigintza ez dela asko lantzen, eta hortik dator Sebastian bisiguaren ideia. Itsasoa hiriko beste elementu bat da, eta parte honen kutsadura ez da ikusten askotan. Beraz, ikustarazi nahi izan dugu hiriaren parte den itsasoko kutsadura. Ez zaio honi behar den garrantzia ematen, eta horregatik, itsasoko kutsaduraren arazoari duen garrantzia eman nahi izan diogu. Horrez gain, udalak abiatutako Zero Plastik egitasmoaren parte da.
Zergatik bisigua?
Kantauriko bisigua da, ez da edonongo bisigua. Bisiguak bertakotasun hori irudikatzen du, ez delako Atlantikoko hegaluze bat, adibidez, baizik eta Donostian orain dela gutxira arte egondako espezie bat dela.
Nola egin da Sebastian?
Material berrerabiliekin egin da, hau da, berrerabilitako hondakinekin. Sareak ere eraikuntzakoak dira, berrerabilitako eta berreskuratutako sareak, alegia.
Helburua jendea kontzientziatzea litzateke?
Bai, hori da. Berez, helburu hirukoitza du. Batetik, plastikoen birziklapena sustatu nahi da. Izan ere, horregatik da gardena, ikustarazteko existitzen den kutsadura, arrainek plastiko hori irentsi egiten baitute. Apurka, bisigua betetzen ari da. Bestetik, zaborrontzi funtzioa egiten du. Gainera, diseinatuta dago betetzen denean hustu ahal izateko; horregatik du atetxo bat. Betetzen denean, hartzen den plastikoa tratamendu gunera eramaten da, eta gune horretatik ere bigarren bizitza ematen zaio plastiko horri, gauza berriak egiteko. Hirugarrenik, ez du bakarrik zaborra biltzen, baizik eta erabilitako plastiko eta sare horiei bigarren bizitza bat ematen die.
Arrakasta izaten ari dela esango zenuke, ezta?
Bai, nik dakidala bai. Jendeari asko gustatu zaio, ez zutelako espero. Nola eginda dagoen ere gustatu zaie, eta betetzen duen komunikazio lana ere asko gustatu zaie. Hau da, Sebastianen esanahia.
Hirigintzaren barruan, hirigintza taktikoak bilatzen duena da gauza txikiekin ahalik eta inpaktu handiena lortzea. Azkenean, ez da lortzen bakarrik plastikoa biltzea, baizik eta inpaktu funtzionala ere lortzen da. Hau da, zaborrontzi arrunt bat izan beharrean, ekintza honekin esanahi bat ematea lortu nahi da. Plastikoa ondo birziklatzen baduzu, ez duzu soilik kutsadura murrizten, baizik eta Kantauriko arrainen bizi kalitatea ere hobetzen duzu.