Eguraldi aldakorra asteburuan
Uztailetik abuztura pasako gara asteburu honetan, eta donostiar askok kalera ateratzeko asmoa izango dute. Eguraldia lagun izango al dute, ordea?
Larunbatean zerua hodeitsu egongo da, eta litekeena da zaparrada txikiak botatzea. Haizea ipar-mendebaldetik etorriko da, eta bolada gogorrak ere izango ditu. Gutxieneko tenperatura 15 gradukoa izango da, eta ez dira 20 gradutik pasako.
Igandean, goiz partean antzera jarraituko du eguraldiak: zeru hodeitsua, euri arinarekin. Arratsaldean, ordea, atertu egingo du eta hodeiak desagertzen joango dira. Ipar mendebaldeko haizea nagusituko da, eta tenperaturak berdin mantenduko dira.
Klima aldaketak beroa dakar
Nabarmendu beharra dago azken 50 urteetan Gipuzkoako tenperatura 1,2 gradu igo dela, klima aldaketaren ondorioz. Naturklimak egindako Gipuzkoako Klima Aldaketaren Eraginari eta Zaurgarritasunari buruzko txostenak adierazten duenez, 2020. urtearekin bukatu den hamarkada inoizko beroena izan da. Izan ere, duela 50 urte baino 30 egun bero gehiago izan ditugu.