Ezer ezkutatzen ez duen misterioa

Badu misterio kutsu bat Hong Sang-sooren zinemak. Misterio hori ez da, detektibeen generoan bezala, argitu beharreko istorioko gertaera baten inkognita, ezta thrillerretan hainbeste tentsio eta ezinegon sortzen duen etorkizunarekiko ezjakintasuna ere. Horien ordez, zuzendari korearraren zineman, pelikula osoa izan ohi da abstrakziora hurbiltzen den ziurgabetasun atmosfera batean murgilduta; eta, askotan, begi bistan zer dugun ere ez da guztiz argi izaten. Hil honetan aretoetan estreinatu den The woman who ran (Ihes egin zuen emakumea) ez da bereizgarri horren salbuespena.
Emakume baten urratsak jarraitzen ditu filmak. Kim Min-hee protagonistarenak, etxerik etxe aspaldiko hiru lagun bisitatzen aterako denean. Baina “Nor da ihesi doan emakume hori?”, eta “Zergatik egiten du ihes?”. Horixe galdetu zion zuzendariari pasa den urteko Berlinalean (Zilarrezko Hartza eraman zuen bertan) filmaren proiekzioaren ondorengo prentsaurreko moderatzaileak. Badirudi gure kultura zinematografikoan misterioak argitzeko ezinegona dagoela, ulertezinak gertatzen diren kontuei esanahi zehatzak ezartzeko premia. “Ez dut oraindik erabaki…”, erantzun zion zuzendari korearrak, “definitzeko aukera izan nuen, baina zehaztu baino lehentxeago amaitu nuen filma”. Beraz, ez dago guztiz argi nondik datorren eta nora doan ihesi gure emakumea. Baina aretoetara doan ikusleak ez du Christopher Nolanen puzzle itxurako misteriorik topatuko, baizik eta koan budista baten antz handiagoa duen pieza xumea. Hots, kontraesankorra badirudi ere, funtsean ezer ezkutatzen ez duen pieza misteriotsua.
Zinemagilearen gainerako lanetan bezala, elkarrizketa eszena lasai eta luzeek osatzen dute filma, non itxuraz garrantzi gabeko gaien inguruan hitz egiten duten pertsonaiek (auzokoen oilar erasokorra, senarraren telebista agerraldiak, etxe azpiko tabernako artistak…). Roland Barthesek “errealitate efektua” deitu zion horrelako elkarrizketek betetzen duten funtzioari: normalean filmaren munduari testurak gehitzeko baino ez dira erabiltzen, fikzioari errealismo kutsu bat emateko, tramaren ikuspuntutik garrantzi gabekoak baitira. Baina ustekabeko testura horiek lehen planoan jartzen ditu Sang-sook, elkarrizketa garrantzitsuen eta garrantzi gabekoen arteko marra lausotuta.
Behin ikusleak dikotomia hori bertan bera uzten duenean, ez dut uste intentsitate bereko murgilketa sor dezaken filmik aurkituko duenik ikusgai. Ikuslea pertsonaien elkarrizketetan guztiz sartzen du filmak, ia-ia beraiekin mahaian solasean eta kafea hartzen egongo balitz bezala. Jakina, sentsazio hori ez da gidoiaren meritua bakarrik, xehetasunez betetako antzezlanak eta kameraren sinpletasunak ere filmaren errealismo minimalistarekin guztiz bat datoz.
Azken finean, pertsonaiak nondik datozen eta nora doazen gutxieneko kontua da, eta horren ordez, elkarrizketa eta antzezlanen xehetasunetan jartzen du filmak fokua, gauza txikien poesia begiratuz eta egunerokotasuna beste begi batzuekin balioetsiz. Agian guk ere, zinema aretora sartzen garenean, antzeko parentesi bat egiten dugu. Pelikula onen kasuan behintzat, pare bat orduz ahaztu egiten zaigu nor garen, nondik gatozen eta zeintzuk diren proiekzioaren ondoren ditugun betebeharrak. Izan ere, aurrean duguna ondo estimatzeko gauza horiek ez dute batere axola.