Giza futbolina egin dute Easo plazan
Amarako jai batzordeak eta gazte asanbladak antolaturiko egitarauari hasiera eman diote Easo plazan. Auzotarrei hainbat jarduera eskaini nahi izan dizkiete eta adin guztientzako jarduerak antolatu dituzte.
11:30ak aldera giza futbolina hasi dute auzoko gazteek. Easo plaza egokitu dute, hesitutako gunea eta beharrezko materiala prestatu baitituzte. Plazaren alde bakoitzean ate bana jarri eta futbol partida hasi dute. Easo plaza girotu dute musikaz, eta hainbat auzokide partida ikustera gerturatu dira.
Gazte asanbladako kide den Aitzol Ortizekin hitz egin dugu, jaiak testuinguru berezi honetan nola bizi dituzten galdetzeko. “Zaila izan da festak antolatzea, Udalarekin behin eta berriz saiatu gara jarduerak antolatzen eta proposamen ugari atzera bota dizkigute. Ezin izan ditugu betiko espazioak erabili eta aforoen kontuak asko mugatu gaitu”.
Auzoko gazte asanbladako kideek gazte eguna antolatzeko ahalegina egin nahi zutela dio Ortizek: “Eguardian dantza tailerra eskainiko dugu eta arratsalderako bertso saioa elektrotxaranga antoltu ditugu”. Auzoko jendea urbiltzea espero dute, jai “herrikoi” eta “xumeak” egiten baitituzte. Auzokideei auzoa mugimenduan dagoela ikustaraztea da haien helburua: “Auzokideek herri mugimenduak lanean jarraitzen duela ikustea nahi dugu”. “Pasa den urtean ezin izan genuen jarduerarik antolatu, auzoa apaintzeko ahalegina egin genuena arren. Aurten gutxienez, egitaraua atera ahal izan dugu”.