Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum, Museo Bikoitza programan
San Telmo museoko Museo Bikoitza esku-hartze programaren hurrengo artista gonbidatuak Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkum izango dira. Ondorioz, hurrengo urtebetean beraiek arituko dira proiektu horretan lanean. Programa horretan edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duenez parte hartzera, Jose Mari Zabalak hautatu ditu bi artistak. Zabalaren esanetan, “Iratxeren eta Klaasen proposamenak bizitzaz eta zentzuz betetako konposizio pletorikoak dira”.
Iratxe Jaiok (Markina-Xemein, 1976) eta Klaas van Gorkumek (Delft, Herbehereak, 1975) bikote artistikoa osatzen dute 2001etik, eta gaur egun Rotterdamen (Herbehereak) bizi dira. Beraien praktika arkeologia esperimentalarekin alderatu daiteke. Izan ere, existitzen diren objektu eta dokumentuen esanahi soziala aztertzen dute. Euskal Herriko hainbat proiektutan lan egin dute jada.
Museo Bikoitza proiektua 2018an jarri zuen martxan San Telmo museoak, Asier Mendizabalen ideia batetik sortua. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da, eta urtero gonbidatutako artista batek egiten du museoarekin lotura. Lan horren emaitza aldi baterako egoten da erakusketa programaren barruan.