Non ikusi daiteke zeru gehien Donostian?
Haritik Hiria geografo taldeak, Institutu Geografiko Nazionaleko datuetatik abiatuz, Donostiako kaleetan ikus daitekeen zeru kantitatea aztertu du. Garrantzi gabeko aldagaia badirudi ere, hiriko kliman zuzeneko eragina dauka.
Geografo taldeko kideek azaldu dutenez, zeruko espazio ikusgaiaren eta kokapen batean zentraturiko hemisferioaren arteko erlazioa islatzen du Sky View Factor-ak. Beste era batean esanda, leku jakin batetik ikus dezakegun zeru kantitatea islatzen du. “SVF baxua duten eremuek eguzki-erradiazio gutxiago jaso ohi dute egunean zehar, baita aireztatze gutxiago jasan ere”. Hori dela eta, gune hauek ez dira hainbeste berotzen egunean zehar eta gutxiago hozten dira gauez, tenperaturak egonkorrago mantenduz. Bestalde, SVF handiko eremuetan, egun eta gauaren arteko tenperatura aldeak areagotu egiten dira.
Mapari erreparatuz gero, Alde Zaharreko kaleak dira azpimarragarrienak. Bertako eraikinak nahiko altuak dira, eta kaleak, aldiz, oso estuak. Ondorioz SVF-a oso baxua da, aurretik azalduriko prozesuak ahalbidetuz. Bestalde, Urgull, Cristina enea parkea edota Miramar Jauregiak SVF baxua daukate. Kasu honetan landareriak eta zehazki zuhaitzei esker, gune hauek egunean zehar inguruko zonaldeak baina freskoago mantentzen dira.