Abian da Musika Hamabostaldia, eta egitarau zabala prestatu dute hilabete osorako
Atzo, hilaren 1ean, inauguratu zuten Donostiako 82. Musika Hamabostaldia, doako sei kontzerturekin; horren ostean, kontzertuz beteriko egitaraua prestatu dute gaurtik hilaren 27ra arte gozatzeko. Guztira, 75 kontzertu eskainiko dituzte musika klasikoaren jaialdian, eta, besteak beste, Yuja Wang, Grigori Sokolov, Elisabeth Leonskaia, Stephen Hough eta Mitsuko Uchida, Anne-Sophie Mutter, Leonidas Kavakos eta Julian Rachlin artistak igoko dira oholtzetara. 75 kontzertu horietako hamabost Donostiatik kanpo izango dira: Gipuzkoako, Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko hainbat herritan, hain justu. Egitarau osoa Musika Hamabostaldiaren webgunean kontsultatu daiteke, baita sarrerak eta gonbidapenak eskuratu ere.
Nabarmentzekoa da Hamabostaldiak opera propio bat ekoiztu duela aurten: Hirira. Haurrentzako da, eta Easo Eskolaniako eta Easo Gazte Abesbatzako haurrek Viktoria Eugenia Antzokiko oholtzara eramango dute hilaren 10ean, Gorka Mirandaren zuzendaritzapean. Horretaz gain, bost ziklo ere antolatu dituzte: organo zikloa, antzinako musika zikloa, musika garaikideko zikloa, ganbera musika zikloa eta interprete gazteen zikloa.