Aste honetan hasiko dituzte Añorgako zeharbideko bigarren faseko lanak
Aste honetan abiatuko dituzte Añorgako zeharbidea bulebarrean bihurtzeko bigarren faseko lanak, eta Donostiako Udalak abendurako bukatzea aurreikusten du; 478.821,22 euroko aurrekontua du proiektuak eta lanek hiru hilabete iraungo dute. Duñike Agirrezabalagak eman du lanen berri, eta zera adierazi du: “Lan hauek Añorga Txikira eta Errekaldeko sarbideko biribilgunean hasten den errepidearen eraldaketa osatuko dute, zeharbidan bide lasaiago eta geldiago bat eginez, non bizikletek eta oinezkoek nagusitasuna hartzen duten ibilgailu pribatuaren aurrean, azken horien abiadura nabarmen motelduz”. Jaizubia Obras y Servicios enpresari adjudikatu dizkiote lanak.
Lehenengo fasea 2016ean bukatu zuten, eta bigarren faseak jarraipena emango dio orduan egindakoari. Hain zuzen, GI-21 errepidearen tarteko biribilgunearen (Unanue Berri baserriaren ondokoan) eta Errekaldeko biribilgunearen arteko zatia osorik berritu eta berrantolatuko dute. Zeharbide berriak trafikorako bide bat izango du noranzko bakoitzeko, eta bide hori aisialdirako gune batez inguratuta egongo da. Han, bidegorria egongo da, eta Errekaldeko geltokitik Lasarte-Oriaraino doan bidegorriarekin lotura zuzena izango du. “Biribilgunearen hiru sarbideetako irteerak zirkulazio errei bakar baten bidez egingo dira; biribilgunerako sarrerak, berriz, bi erreitan izango dira, Añorga auzotik datorren konexioa izan ezik, horrek errei bakarrekoa izaten jarraituko baitu oinezkoen eta txirrindularien ibilbidearekin batera egin ahal izateko”, azaldu du Agirrezabalagak, baita biribilgunea ekialderago eramango dutela gaineratu ere, “oinezkoen eta bizikleten artekoelkargunerako beharrezko espazioa trenaren trazaduraren ondoan uzteko”.
Bestalde, Errekaldeko biribilguneko irteeratik 75 bat metrora, tarteko biribilgunerako norabidean, oinezkoentzako pasabide semaforizatu bat jarriko dute, behar bezala argiztatuta eta seinalizatuta. Horren ondoan, 33,60 metroko autobus geraleku bat jarriko dute, markesinarekin eta iritsieren berri emateko zutoinarekin. Era berean, Unanue Berri baserriaren ondoko biribilgunean oinezkoentzako pasabide beheratuak egokituko dituzte, baserriaren sarrera hobetuz. Gainera, espaloia handitu egingo dute. Errekastoaren ondoko koexistentzia-eremua biribilgunearen hegoaldean dagoen oinezkoentzako zatiarekin lotzeko, semafororik gabeko oinezkoentzako pasabide bat eraikiko dute.