Bihotz Urdina proiektua jarri dute martxan
Abian da jada Aquariumak eta Laboral kutxak elkarlanean sortu duten Bihotz Urdina proiektua, ozeanoak zaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko gizartea eta batez ere gazteak.
Jose Ignacio Espel Gipuzkoako Ozeanografiko Fundazioaren presidentearen esanetan, proiektu honek jarduera desberdin asko izango ditu barne; horien artean “ingurumena”, “osasuna” eta “berdintasuna”.
Atzo hasi zen lehen jarduera. Izan ere, hemendik aurrera Akuariumera joaten diren haurrek ‘Bihotz Urdina’ izeneko liburuxka bat jasoko dute, itsasoko animalia esanguratsuenen ezaugarriekin. Horrez gain, jolasak eta margolanak ere izango ditu liburuxkak, eta txapelak eta beste zenbait apaingarri ere oparituko dituzte. Jardueren artean, irailean eta urrian zehar Donostiako ikastolek abiatutako kanpaina bat ere egongo da, itsasoak garbi mantentzearen garrantzia azpimarratzeko haurrei. Gainera, urriko 13 eta 17 bitartean surfari buruzko dokumentalak eskainiko dituzte. Sarrera doakoa izango da edukiera bete arte. Informazio gehiago Aquriumaren webgunean izango da eskuragarri.