"Dagoeneko hobeto egongo ginela uste genuen"
Monica Arnoldo, bere ahizpa eta koinatuarekin batera, historia luzea daraman Arnoldo izozki dendaren jabea da. Hauen birraitona-amonak hasi ziren izozki negozioarekin XX. mende hasieran Italian, eta Austriatik pasa ondoren, 36ko gerra tarteko, Donostian finkatu ziren.
Zeintzuk dira izozki dendaren hastapenak?
Familia negozioa da. Nire birraitona-amonak Longaronekoak ziren, Veneziatik ordu betera dagoen herrixka txiki batekoak, oso herri izozki zalea. Herriko jende gehiena izozki egilea zen, eta askok kanpora emigratu zuten. Familia dugu Galizian, Andaluzian, Europako beste zenbait lekutan… Nire birraitona-amonak lehenbizi Italiatik Austriara joan ziren, eta 1935ean hona, Donostiara. 36ko gerrak eztanda egin zuenean, ordea, Italiara itzuli ziren, eta gerra bukatu zenean berriz etorri ziren. Lehen izozki denda Ondarretan jarri zuten, lehengo gasolindegiaren aurrean; ondoren 1938an Miramarren jarri zuten, eta 1948an hemen, Garibai kalean.
Orduan, belaunaldi guztiek jarraitzen duzue izozki dendarekin?
Bai, hori da. Birraitona-amonak lehenbizi, aitona-amonek ondoren, gurasoek gero eta orain nire ahizpak, nire koinatuak eta nik jarraitzen dugu.
Izozki dendaren izena, beraz, familiako abizena da?
Bai. Nire familiaren abizena da.
Bezeroei dagokienez, nolakoak dira? Turistak gehienak?
Azken bi urte hauetan behintzat ez. Betidanik lan izan dugu asko hemengo jendearekin, donostiarrekin. Asteburuetan, probintziako jende asko ere etorri ohi da. Turismoari dagokionez, aurtengo udan berriz ere hazten ari da; izan ere, iaz ez zen ezer egon. Galerak handiak izan dira, baina nahiko ondo eutsi diogu. Sektore osoarentzat ari da hau gogorra izaten, orokorrean.
Laguntzarik izan duzue udaletxearen aldetik?
Zerbait bai. Baina laguntzak jasotzeko baldintzak ere asko egon dira, beraz, egokitu beharra zegoen, eta horrek asko zaildu du. Baina zerbait bai jaso dugu.
Udan lan egiten duzue soilik, ala neguan ere bai?
Argi dago gure denboraldi altua uda dela. Horren barruan, haurren oporraldiak asko eragiten digu, pila bat nabaritzen da hori. Haurrak dira askotan izozkia jatera etorri nahi izaten dutenak. Egia esan, emakume helduak ere asko dira izozkia jatera etortzen direnak, baina gehienbat haurrak, nahiz eta orokorrean denetik izan ohi dugun. Beste planik egin ezin daitekeenez, izozkia jatera etortzea beti da ideia ona. Neguan, denda hau zabaldu ohi dugu, gofreak, krepeak, txokolate beroa eta abar ematen dugulako, izan ere neguan jende asko etortzen da merienda jatera. Denda hau urte osoan zabaltzen dugu, neguko egun batzuk izan ezik, hor oporrak hartzen baititugu. Beste izozki dendak, ordea, oso eguraldi txarra hasten denean itxi egiten ditugu. Egia da urtetik urtera denboraldia luzatzen ari dela. Euri gutxiago egiten ari da aspaldian, nahiz eta Donostiak euri fama izan. Turismoa ere, jada ez da udakoa soilik, urte osokoa bilakatzen ari da, eta hori ere igarri egiten da.
Udari begira, baikorrak zarete?
Egia esan bai, baina dagoeneko hobeto egongo ginela uste genuen. Pentsa baino astiroago ari da hobetzen pandemiaren egoera, eta orain bosgarren olatu honekin, are gaizkiago gaude.
Izozkiak artisauak dira? Hemen egiten dituzue?
Bai. Lantegia dugu, eta hor egiten ditugu izozki guztiak. Betidanik izan dira artisauak eta horrela jarraitzen dugu.
Badago gailentzen den zaporerik?
Bai, kafe zaporezkoa da gehien saltzen dena. Kafeterako kafearekin egiten dugu: kafe litro eta litroak ateratzen ditugu. Orain egia da kafe hautsa ere erabiltzen dela, baina ez da berdina. Ahalegindu ginen, egia esan, hautsarekin probatzen, beste erara oso astiro egiten baita prozesua. Baina desberdintasuna asko nabaritzen da. Lehengaiak gero eta hobeak eta kalitate onekoak izan, gero eta hobea da azken produktua. Jendeak asko nabaritzen du; zaporera ohituta daude, eta ezin duzu ezer aldatu beraiek ohartu gabe. 86 urte daramatzagu azken batean, eta jendeak bizitza osoa darama hemengo izozkia jaten. Gustatzen zaiena da bizitza guztiko zaporea, haurtzaroa gogorarazten dieten zaporea. Beraz, dena ahal denik berdinen mantentzen ahalegintzen gara.
Azukrerik gabeko zaporeak ere badituzue. Jendeak gero eta gehiago eskatzen du hori?
Bai. Gero eta jende gehiago dago esnerik hartu ezin duna, fruitu lehorrik jan ezin duena, azukreak gaizki egiten diona… beraz, jende horren beharretara moldatu beharra dago, bestela bezero talde handi bat galtzen duzu. Berez zaila da hori lortzea, artisau erara egiten ditugunez, osagai apurrak geratzen direlako makinetan. Horregatik, kontu handiarekin aritzen gara beti. Sorbeteak ere baditugu, esnerik gabe ur eta azukre oinarriarekin egiten direnak. Txokolatea edari begetalarekin ere badugu beganoentzat… denetarik dugu publiko zabalarentzat.
Terraza betidanik izan duzue, ala pandemiarengatik jarri behar izan duzue?
Betidanik izan dugu, bai. Orain, ordea, mahaien arteko distantzia handitu dugu. Nabaritzen dugu jendea orain gehiago doala terrazara barrura baino. Ohiturak aldatzen ari dira; ez dakit lehengoa itzuliko den ala ez.
Eta etxera eramateko zerbitzua?
Hori ere, kasualitatez, pandemiaren aurretik jarri genuen. Pandemia egongo zela jakin aurretik, etxerako zerbitzua jartzea pentsa genuen. Ez genekien erabiliko genuen ala ez, pandemia iritsi arte. Beraz, oso azkar moldatu ginen horretara, aurretik pentsatuta baikenuen. Bezeroei ere jada esanda genien etxerako zerbitzuarekin hasiko ginela, beraz zorte asko izan genuen zentzu horretan.
Zer saltzen da gehiago, kukurutxoa ala terrina?
Egia da terrinaren erabilera asko areagotzen ari dela, baina oraindik kukurutxoak irabazten du. Haurrentzat batez ere errazagoa da terrina, askoz gutxiago zikintzen baitira horrela. Gainera, terrinan eskatuz gero barkillo txiki bat ere jartzen dugu, bi gauzak eduki ahal izateko. Baina oraindik kukurutxoa da famatuena.