Donostiatruk bigarren eskuko azoka egingo dute Eason
Donostiatruk Donostiako Udaleko Osasun eta Ingurumen Zuzendaritzak antolatutako merkatua da, eta etxeko produktuei bigarren erabilera bat ematea lortzea du helburu. Produktuak berrerabiltzeak dituen onura mugagabeak berresten dituzte azoka honetan: hondakin kopurua gutxitu, dirua irabazi/aurreztu, baliabideak aurreztu, ingurumena zaindu… Horregatik, etxean erabiltzen ez ditugun objektuekin onura ekonomikoa lortzeko edota behar ditugun objektuak merke eskuratzeko modu ezin hobea da azoka hau. Arropa, jostailuak, liburuak… eta beste gauza ugari salerosi daitezke bertan. Hori gutxi balitz, erosketaren bat egiten dutenen artean Egia auzoko KM0 jatetxe beganoan bi lagunentzako otordua zozkatuko da.
Larunbat honetan, abuztuaren 7an, izango da azoka Easo Plazan, 10:00etatik 14:00etara. Pandemia tarteko, beharrezkoa izango da azoka prebentzio neurriekin egitea: postu eta pertsona kopurua mugatuko da, ezingo dira produktuak ukitu eta dena desinfektatu beharko da.
Zure produktuak eraman nahi badituzu saltzera, egunean bertan 9:30etik 10:00etara bitartean utzi beharko dituzu antolatzaileen postuan; bost objektu gehienez eta prezioa jarrita. Postua jarri nahi izanez gero, ordea, izena eman beharko da Donostiako Udalaren webgunean. Bestalde, online ere salerosi ahal izango dira produktuak. Horretarako, iragarkia jarri beharko da Donostiako udalaren webgunearen Donostiatruk atalean.