"Edukierari muga jartzeak zabaldu ahal izatea posible egin du"
Francisco Martinezek bizitza osoa darama atrakzioen negozio honetan, eta estatu osoan zehar mugitzen da. Aurten hirugarrenez dator Donostiako Pasealeku Berrira.
Noiztik zara ferietako saleroslea?
Betidanik, laugarren belaunaldia osatzen dut nik. Familia negozioa da hau, eta nire kasuan, birraitona-amonek hasi zuten, aitona-amonek gero, gurasoak ondoren eta orain nik daramat. Egia da jolasak ez direla hasi zireneko berdinak, asko modernizatu baitira. Izan ere, nire birraitona-amonak noriarekin hasi ziren, eta orain dela urte asko jarri zuten hemen Pasealeku Berrian egon inoiz egon den noriarik handiena.
Estatu osoan ibiltzen zara?
Bai, Espainia osoan. Baina ez soilik penintsulan, Kanaria irletara, Balearetara, Ceutara eta Melillara ere joaten naiz.
Urtero etorri ohi zara Donostiara?
Ez, hau hirugarren urtea da. 2016. urtean etorri nintzen lehenbizi, 2017. urtean ondoren eta azkenik aurten, 2020. urtean ez baitzen posible izan.
Nola moldatu zara konfinamenduan?
Oso gaizki. 20 hilabete egon naiz ezer gabe, eta zaila izan da aurrera egitea.
Izan duzu laguntzarik?
Bai, autonomo laguntza izan dut. Ez da asko izan, baina ezer baino hobeto bai behintzat.
Baikortasunez ikusten dituzu hemen egongo zaren egunak?
Ez dakit, egoera oso aldakorra baita. Hasiera batean bai, baikorra naiz, baina kontuan izan behar da faktore asko daudela egoera aldatu dezaketenak. Esan beharra daukat udalak asko lagundu eta babestu gaituela, eta hori eskertzekoa da.
Aurten jairik gabe galera asko espero dituzu?
Galerarik ez, 20 hilabete ezer egin gabe egon ostean edozein aukera baita ona. Egoera horrela mantentzen bada, nahiz eta jairik ez egon espero dut nahiko jende gerturatzea.
Bezeroak nolakoak izan ohi dira jolas honetan?
Gazteak gehienbat. Tarteka gurasoak haurrekin ere bai, baina gehienak gazteak dira. 1,30 metro baino gehiago neurtzen dituen edozeinentzat da egokia jolas hau, bihotzeko arazoak dituen jendearentzat edo jende oso nagusiarentzat izan ezik.
Turista asko igotzen dira?
Bai, gehienbat frantsesak. Baina baita ingelesak eta australiarrak ere.
Eguraldiaren menpe zaudetela esan daiteke?
Bai, horrela da zoritxarrez. Faktore askoren menpe gaude, eta horietako bat da eguraldia. Ona egitea beharrezkoa da jendea kalera irten dadin.
Edukiera izateak ere asko baldintzatu zaitu?
Ez pentsa, edukierari muga jartzeak zabaldu ahal izatea posible egin baitu. Edukierarik gabe ezingo genuke zabaldu, jende pilaketak sortuko bailirateke; beraz, nahiz eta jende gutxiagorentzat lana egin, inorentzat ez egitea baino hobea da, eta edukiera beharrezkoa da egoera honetan.