"Etxera iristean konturatzen zara ez dela erraza lortu duzuna lortzea"
Yago Agirre donostiarra (2004) Donostialdea Bizikletan taldeko Junior kategoriako txirrindularia da, eta maila handia erakusten ari da denboraldian. Hain zuzen, laugarren gelditu zen asteburuan Iruñerriko Itzulian.
Nola bizi zenuen Iruñerriko Itzulia?
Hiru etapa ziren, eta lehenengoan Iñaki Errazkin taldekidea sailkapen orokorrean goiko postuetan gelditu zen. Beraz, hortik aurrera, nire helburua taldekidea laguntzea zen. Azken etapan laguntzen ibili nintzen, eta berak irabazi zuen etapa. Bukaeran, atzetik zihoan talde batean sartu nintzen, eta laugarren gelditu nintzen. Era berean, sailkapen orokorrean seigarren gelditu nintzen, eta Junior kategoriako lehenengo urteetakoen sailkapenean lehenengo gelditu nintzen.
Zein adinetakoak lehiatzen zarete Junior kategorian?
Nik 17 urte beteko ditut aurten, eta lehenengo urtekoa naiz. Hau da, aurten 18 urte betetzen dituztenak ere lehiatzen dira. Junior kategoriaren ondoren, 23 urte azpikoen kategoria dago, eta ondoren profesionalena.
Emaitza onak lortzen ari zara denboraldi honetan, ezta?
Lehenengo urtekoa izanda, ez nuen espero lasterketak irabazteko lehiatzen aritzea, baina Lizarrakoa irabazi nuen, eta beste hainbatetan goiko postuetan gelditu naiz, beraz pozik nago. Gipuzkoako Klasikoan ere ondo ibili nintzen. Nazioarteko txirrindulariak etortzen dira lasterketa horretara, eta zazpigarren sailkatua izan nintzen; era berean, euskal herritarren sailkapenean lehenengoa izan nintzen.
Nola sentitzen zara horren emaitza onak lortzen dituzunean?
Hasieran, ez zara konturatzen. Helmugara heltzen zara, baina ez duzu guztiz baloratzen lortu duzuna. Etxera iristean konturatzen zara ez dela erraza lortu duzuna lortzea.
Zenbat denbora daramazu txirrindularitzan?
11 urterekin hasi nintzen.
Zergatik hasi zinen txirrindularitzan?
Askotan galdetu izan diot hori neure buruari, nire familian ez delako inoiz txirrindularitzarekiko zaletasun handirik egon, ez da inor bizikletan ibiltzen. Ordea, txikitan nire aitonarekin Frantziako Tourra ikusten nuen, eta pentsatzen dut orduan sortu zitzaidala zaletasuna.
Azkenaldian gero eta zaletasun gehiago dagoela dirudi.
Euskal Herrian betidanik egon da txirrindularitzarekiko zaletasuna, baina azkenaldian jende gehiago ikusten da bizikletan ibiltzen.
Non entrenatzen duzu?
Donostia inguruan gehien bat. Orio eta Zumaia ingurura joaten gara gehienetan.
Zein taldetan ibili zara?
Donosti Berri taldean hasi nintzen, beraz, beti talde berean aritu naiz, nahiz eta orain Donostialdea Bizikletan deitzen den.
Maila ona dago Donostiako eta inguruko txirrindularitzan zure kategorian?
Hemendik kanpoko txirrindulariekin lehiatzen garenean, orokorrean, Gipuzkoakoak izaten gara onenak. Horregatik, uste dut nahiko maila ona daukagula hemen.
Denboraldiaren amaieran zaudete, ezta? Zer helburu dituzu hemendik aurrera?
Otsailean hasi genuen denboraldia, eta irailean amaituko dugu. Orain Gipuzkoako selekzioarekin noa Frantziako lasterketa baten lehiatzera, eta ondoren beste lasterketa batzuk ere izango ditugu hemen inguruan. Ez daukat helburu berezirik, egia esan. Izan ere, dagoeneko oso denboraldi ona egin dudala uste dut, beraz, ahalik eta hoberen bukatu nahi dut, besterik gabe.