Goia: "Udalak 'Hondalea'-ri buruzko dokumentazio guztia eskaini dio Fiskaltzari"
Donostiako Udaleko langileen LABeko sail sindikalak ekainean salatu zuen LKS eta Fhecor enpresek lizitaziorik gabe eskuratu zutela Santa Klara uhartean Hondalea esku hartze artistikoa eraikitzeko eta itsasargia berritzeko lanen adjudikazioa, eta Gipuzkoako Fiskaltzak ikerketa abiatzea erabaki zuen joan den astean. LABek salaketa jarri zuenean, Eneko Goia alkateak adierazi zuen Fiskaltzak Hondalea-ren kontratazio espedienteak eskatzen bazituen udalak helaraziko zizkiola.
Gaurko Tokiko Gobernu Batzordearen ostean gaiari buruz galdetuta, Goiak adierazi du Fiskaltzak dokumentazioa eskatu diola udalari: “Udalak bere betebeharra bete du, eta Hondalea-ri buruzko dokumentazio guztia eskaini dio Fiskaltzari”. “Bere garaian esan nuen gure aldetik prozedura guztia gardena zela, jarraitu zituela udalak dituen arauak eta bazituela idazkaritzaren izan beharreko oniritzi guztiak”.