Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren berrikuspenari ekingo dio udalak
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak onartu du Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen prozesuarekin hastea, Eneko Goia alkatearen arabera, 2010ean onartutako HAPO-a eguneratzeko eta egungo egoerara egokitzeko. “Hamaika urte pasa dira, eta orduan egin ziren aurreikuspenetako batzuk desfasatuta daude dagoeneko, beste testuinguru batean egin baitzen plan hori”, gaineratu du alkateak. Era berean, HAPO berriaren oinarriak zeintzuk izango diren azaldu du: “Hiri birgaitzearen, birsortzearen eta berritzearen alde egiten dugu. Eta beraz, hirigune kontsolidatuan egingo diren birsortze eta birgaitze ekimenak irisgarritasun eta energia eragikortasuna hobetzeko oinarrituko dira, izan ere, ingurumenaren jasangarritasunera, gizarte kohesiora eta donostiar guztien bizi kalitatearen hobekuntzara modu aktiboan lagunduko dute”.
Horrela, berrikuspenarekin hasteko bi egitasmo onartu ditu udalak. Alde batetik, herritarrentzako parte-hartze programa onartu dute, herritarrek egiten dituzten ekarpenekin diagnostiko bat egin ahal izateko. Hain zuzen, diagnostiko hori, hiri antolaketari buruzko informazio guztia eta planaren berrikuspenaren aurrerapena jasoko dituen dokumentua egiteko zerbitzua kontratatzeko adjudikazio prozesua ere onartu dute. 968.000 euroko lizitazio prezioa izango du kontratuak, eta adjudikazioa jasotzen duen enpresak hemezortzi hilabete izango ditu erredaktatzeko.
Dokumentua hainbat lan saiotan kontrastatuko eta berrikusiko dute, behin betiko aurrerapen dokumentua osatzeko. Ondoren, prozesua eten egingo dute, eta 2023ko udal hauteskundeetatik ateratzen den udalbatza izango da dokumentua onartzeko arduraduna, baita plan orokorraren berrikuspen prozesuarekin jarraitzeko arduraduna ere.