Donostiako taxiek ez dute Aste Nagusiko ohiko tarifa kobratuko aurten
Donostian lan egiten duten bi taxi enpresek, Radio Taxi Donostiak eta Vallinak, erabaki dute aurten ere ez kobratzea Aste Nagusian kobratu ohi duten tarifa, egoera dela eta. Jaiegunetako tarifa, ohikoa baino garestiagoa, aplikatu ohi dute Aste Nagusian, 7:00etatik 22:00etara hiri barruan. Udalak Aste Nagusia bertan behera utzi duenez, tarifa ez aplikatzea erabaki dute, “udalaren oniritziarekin”. Iaz ere gauza bera egin zuten.
Taxi enpresek azaldu dutenez, taximetroetan jaiegunetako tarifa agertuko da, orain ezin dutelako taximetroen programazioa aldatu: “Urte hasieran gure taximetroetan urte horri dagokion egutegia programatu egiten dugu, ondoren beharrezkoak diren ikuskapenak egitera eramaten ditugu eta azkenik hainbat prezinto ezartzen zaizkie araudiari egokitzen direla ziurtatzeko”. Horrela, deskontua momentuan aplikatuko dute taxi gidariek, hilaren 16tik 20ra (biak barne) hirian egiten diren bidaietan: bidaiaren kostua 8 euro artekoa bada, euro bateko deskontua egingo dute; 8 eta 12 euro artekoa bada, deskontua 2 eurokoa izango da eta kostua 12 eurotik gorakoa bada, 3 euroko deskontua egingo dute.
Halaber, taxi enpresek “elkartasun eta animo” mezu bat bidali diete donostiar guztiei: “Denon artean birus hau eta honek eragin dituen egoera lazgarriak gaindituko ditugulako gure ziurtasuna helarazi nahi dizuegu. Eta jaiak izan ala ez, Donostian gure beharra izango duen orori gure zerbitzuak eskeintzen jarraituko diogula gogoraraziz agurtzen gara”.