"Inoiz baino garrantzitsuagoa da orain umorea"
Aritz Salamanca, Antton Fernandez eta Ekain Susperregi Tio Teronen Semeak taldeko partaide dira. Sei urte daramatzate Euskal Herriko txokoak alaitzen, eta bihar, hilaren 6an, Parte Zaharreko Trinitate plazan eskainiko dute ‘Festamentua’ emanaldia.
Nola sortu zen Tio Teronen Semeak taldea?
Aritz Salamanca (A.S.): Betidanik dantza munduan mutilak gutxiago izan gara. Beti lagundu izan dugu elkar, eta gehienok dantza talde berdinetan ibilita, beti izan dugu harremana, eta harreman horretatik sortu zen gure adiskidetasuna. Ordenatu behar bagenuke, lehenbizi euskal dantza tradizionala ikastea izan zen, ondoren gure arteko adiskidetasuna osatzea eta handik denbora askora osatu genuen Tio Teronen Semeak. Euskal dantzak oinarri dituen taldea gara, hori baita txikitatik eroso sentitu izan garen eremua. Hamabost dantzarik eta lau musikarik osatzen dugu taldea. Talde komunak eduki izan ditugu, baina bereziki Donostia, Oiartzun eta Lezoko dantzari eta musikariak gara. Hala ere, badaude salbuespenak; izan ere, Antton, adibidez, urretxuarra da, baina urte asko daramatza Donostian; beste taldekide bat durangarra da, baina hark ere urte asko egin ditu hemen… Baina gehienak inguru honetakoak gara.
Antton Fernandez (A.F.): Elkarrekin ibili garen lekuen artean, interesgarria da batez ere taldeko asko Donostiako Goizaldi dantza taldean ibilitakoak direla aurretik, eta gutxi batzuk Eskola dantza taldean ibilitakoak garela.
Nondik dator izena?
Ekain Susperregi (E.S.): Izena dator Agurra dantzatik; “Tio Teron” abestia txistulari eta musikarik gabe abesten dugunean, horrela abesten dugu. Beraz, “Tio Teron” hortik dator, eta “Semeak”, nolabait ulertaraziz “Tio Teron”-en edo tradizioaren semeak garela.
Noiz sortu zen taldea? Tokatu zitzaizuen konfinamendua talde gisa bizitzea?
E.S.: Bai. 2015. urteko Olatu Talkarako sortu zen emanaldia. Hasiera batean, egun horretarako emanaldi bat eta bakarra sortzeko bildu ginen denok. Konstituzio plazan izan zen, eta asko gustatu zitzaion jendeari. Orduantxe zetorren uda, eta Oiartzungo asko gaudenez, bertako Xanistebanetan dantzatu genuen; ondoren Lezoko jendearekin Lezon ere dantzatu genuen, eta behin dantzatu ondoren eta ondoko herrietakoak elkartu ondoren, ikusi genuen bazeukala jarraipen bat emanaldiak. Hasiera batean ez genuen espero, baina pixkanaka 2015. urtetik hona 200 emanalditik gora egin ditugu.
A.F.: Konfinamendua bizitzea tokatu zitzaigun talde gisa. Digitalki pilo bat bilera egin genituen, egoerara moldatu behar baitzen. Egia da kezka puntu hori bageneukala itzulera nolakoa izango zenaren gainean, eta tokatu izan zaigu emanaldiren bat bertan behera gelditzea edo atzeratu behar izatea. Baina zorte handia izan dugu, ondoren ere ondo eutsi baitiogu gure erritmoari.
Uste duzue gaur egun posible dela dantzatik bizitzea?
A.F.: Gu ez gara dantzatik bizi, dantza gure afizioa da. Badago jendea euskal dantzatik bizitzen saiatzen ari dena, baina ez da gure kasua.
A.S.: Hemen bakoitzak gure lanbidea daukagu. Egia da Tio Teron sortu zenean oso argi geneukala ez zela hobby arrunt bat izango, baina hala ere ez genituela gure lehen lanak albora utziko. Hau da, bigarren lan baten modukoa da guretzat, baina lanbide nagusia galdu gabe. Gure asmoa inoiz ez da izan dantzari profesionalak izatea, Tio Teronen funtsa ez da hori. Baina txalotzen dugu euskal dantzatik bizitzen ahalegintzen ari den jendea.
Aurtengo udan makina bat herritara joaten ari zarete.
A.S.: Ezin gara kexatu. Iaz ere ez, izan ere, 2020. urtea oso urte txarra izan zen kulturarentzat orokorrean, baina guretzat ez zen hain txarra izan. Nahiz eta emanaldiren bat atzeratu eta ezeztatu behar izan, orokorrean zorte handia izan genuen emanaldiak egiten jarraitu ahal izan baikenuen. Aurten, data aldaketa batzuk izan arren, ez dugu emanaldirik galdu, egutegia osorik bete dugu, eta planteatzen dugun denboraldia -udaberritik hasi eta udazkenera arte- beteta dugu. Beraz, pribilegiatu batzuk gara egoera dagoen moduan egonda ondo egiten ari garelako aurrera. Oso gustura gaude ditugun emanaldiekin.
E.S.: Esango genuke udari dagokionez lortu dugula 2018-2019 urteetako erritmo horretara iristea.
A.S: Hala ere, ezin dugu esan pandemiak eragin ez digunik. Ezin izan dugu entseatu behar den bezala, emanaldi asko mugitu zaizkigu, batzuetan azpiegiturak ez dira guk behar ditugun minimoetara iristen COVID-19a dela eta…
A.F: Bestalde, Festamentua emanaldia asko egiten ari garela esan daiteke. Emanaldi hau Donostian egingo dugun aurreneko aldia izango da. Inguru honetan aurten egingo dugun bakarrenetarikoa ere bai zeren hainbeste urteren ondoren, urrutira joaten ari gara. Beraz, gure etxe ondoan izanda, emanaldi polita eta berezia izango da ostiralekoa.
Beraz, ‘Festamendua’ Donostian egingo duzuen lehen aldia izango da, baina ez Donostian dantzatzen duzuen lehen aldia, ezta?
E.S.: Ez, izan ere, esan dudan moduan, Donostian hasi ginen, Konstituzio plazan Freshcool emanaldiarekin. Herri gehienetan Freshcool emanaldia egin izan dugu lehen aldiz, eta ondoren gustatu bada Festamentua-rekin itzultzen ari gara.
A.F.: Freshcool emanaldia bizpahiru aldiz egin izan dugu hemen. 2016. urtean Musika Hamabostaldian egin genuenean; ondoren 2019ko Olatu Talkan ere Konstituzio plazara itzuli ginen. Iaz hemen txistulari kontzertuan ere aritu ginen.
A.S: Freschool emanaldia dezente egin ditugu hemen, baina Festamentua zen egiteko geratzen zitzaiguna.
Trinitate enparantza plaza berezia da. Badu zuentzat esanahirik hemen dantzatzeak?
A.S.: Bai, guretzat oso berezia da. Egia da Konstituzio plaza izan zela gure lehen emanaldia dantzatu genuen lekua, eta hura ere kuttuna da guretzat. Baina Festamentua dantzatzeko, bereziki, plaza hau oso ikusgarria da, hurbiletik sentitzeko oso egokia baita. Oso jasota geratzen da hemen espazio eszenikoa. Orain gutxiago, baina orain arte beti ahalegindu izan gara publikoarekin elkar eragiten, eta orain ezin izango dugunez elkar eragin nahiko genukeen bezala, bai izango dugu aukera publikoa hurbil sentitzeko, eta hori asko eskertzen dugu.
‘Festamentua’ dantza arrunt bat baino gehiago da. Nondik sortu da ideia hori?
A.S.: Azken batean, Tio Teronek badu estilo markatu bat; umoretik abiatzen gara. Freshcool-ek erakusten zuena zen parranda bat egiteko elkartzen zen kuadrilla bat. Festamentua-n kontrakoa bilatu dugu: hileta batetik abiatzen da abentura, eta guk jakinda ze kuadrilla mota garen, ikuskizunean zehar ikusten da ea egoera kaxkar hori iraultzeko gai garen. Beti umorean oinarritzen gara, dantza eta musika ezagunekin. Euskal Herria eta beste zenbait elementu fusionatuz eta beti umorea erabiliz, saiatuko gara egoera txar horri buelta ematen.
A.F: Dantzak euskal dantza tradizionaletan oinarrituta daude. Musika ere zuzenean izaten da, instrumentu eta perkusiozko elementuekin. Antzerkia ere bada hein batean.
A.S.: Esan beharra dago, antzerki zertzeladak izan arren, gu dantzariak garela, eta ez aktoreak. Baina erabiltzen ditugu elementu desberdinak; horien artean antzerkia, musika, edo zuzeneko txisteak. Tokian tokiko elementuak hartzen ditugu, baina bereziki, bi gauza egiten ditugu; dantza egin eta musika jo.
E.S.: Izan ere, Festamentua-n erabiltzen ditugun antzerki nozio horiek aurreko emanaldian ikasten joan garenak izan ohi dira, inprobisatuz. Gure zutabeak euskal dantza tradizionalak, musika eta umorea dira.
A.S: Interesgarria da jakitea gure dantza oso egituratua den arren, inprobisazioari ere bere espazioa ematen diogula. Horregatik, emanaldiak ez dira inoiz ehuneko ehunean berdinak, inprobisazioa desberdina baita leku bakoitzean.
E.S.: Baldin badago bertako elementuren batekin elkarreragin behar dugun momenturen bat, adibidez leku batean alboko haur baten patinetea ateratzen badugu umore hori egiteko, eta beste leku batean patinetearen ordez bizikleta baldin badago, ba bizikleta hartuko dugu. Oso erreala da.
Nolako harrera izaten ari zarete?
A.F: Oso ona. Adibidez, Ondarroan hasi aurretik jada txaloka zegoen jendea. Oso eskertuta gaude ikustera etortzen zaigun jendearekin.
A.S.: Bizitzen ari garena gozamen hutsa da. Gustatzen zaiguna egiten dugu, oso gustura gaude gure artean egiten dugunarekin, eta gainera ikusten dugu ikusleen erantzuna oso positiboa dela beti. Artista batek gehiago ezin du eskatu.
E.S.: Gainera, emanaldi bukaeran ohikoa bilakatzen ari da ikuslea guregana etortzea txalotzera, zoriontzera eta eskerrak ematera.
A.F.: Inoiz baino garrantzitsuagoa da orain umorea, eta hori azpimarratzen digu beti jendeak.
Oraingo egoera dela eta, entseguak nolakoak ari dira izaten?
A.S.: Normalean, Errenteriako Dantzagunean entseatzen dugu, eta diputazioak kudeatzen du. Hogei bat lagun garenez, azkenaldi honetan ezin izan dugu denok batera entseatu. Nola ibilbide bat badugun, elkartzen gerenean 45 minututan berotu aurretik baditugu jada kode batzuk elkar ulertzeko. Oraintxe bertan ez dira ezinbestekoak eguneroko entsegu horiek, ez baitugu pandemia agertu zen ezkero ezer sortu. Beraz, sortuta ditugun emanaldiak, badakizkigunez, ez dute hain prestaketa zorrotzik behar. Bagenekien zerbait berria sortzeak gure jardunean eragingo lukeela.
A.F.: Gainera, segurtasuna bermatzeko astero antigeno testak egiten ari gara. Horrek lasaitasun handia ematen digu kontuan izanda biltzen den jende kantitatea. Azken finean, gu lasai egoteko eta jendea lasai geratzeko balio digu.
E.S.: Emanaldiaren parte denez kontaktua, beharrezkoa da.
Etorkizunera begira, baduzue helbururik edo bete nahiko zenuketen desiorik?
A.S.: Hasi ginenetik, oraina disfrutatzen ari gara, eta ez dugu etorkizunean pentsatzeko beharrik ikusten. Agian, etorkizunean talde gisa oso motibatuta baldin bagaude, baliteke zerbait berria sortzea. Baina momentuak eskatuko du, ez dugu jarriko inongo helbururik. Ikusten badugu nahikoa dugula sortuta ditugun bi emanaldi hauekin, hala jarraituko dugu. Momentuak eskatuko du.
E.S.: Bai, nik uste dut horrela funtzionatzen dugula. Momentuan sentitzen duguna egiten dugu. Orain ikusita astebururo bizpahiru emanaldi ditugula, entseatzeko ere denborarik ez dugun une honetan ez dugu etorkizunean pentsatzeko tarterik. Gogoa dugu programatuta ditugun emanaldi hauek txukun egiteko, eta udara disfrutatzen saiatuko gara.
A.S.: Gainera, uda hau beteta dugunez, dagoeneko hasi dira udalerri batzuk datorren urteko denboraldirako gurekin kontaktuan jartzen. Tentuz ibili behar dugu, eta joango gara ikusten zer datorren.
A.F.: Sei urte hauetan, helburu izan zitezkeen gauza handi eta polit asko bizi izan ditugu. Donostian bertan, nahiz eta aurten jairik ez den izango, berez Aste Nagusia izango litzatekeen data horretan dantzatzea ere bada beteko dugun helburutxo txiki horietako bat.