Donostiako Piratek Kabotajea antolatu dute, lau eguneko egitarau herrikoia
Jakina zen moduan, pandemia dela eta, Donostiako Piratek aurten ere ezingo dute Aste Nagusi Pirata antolatu, baina Kabotajea egitaraua antolatu dute. Hilaren 19tik 22ra egingo dute Kabotajea, eta askotariko jarduerak egingo dituzte; gehienak Trinitate plazan izango dira, baina hiriko beste gune batzuetan ere egingo dituzte jarduera batzuk. “Donostiako Piratok antolatzeko modu berriak asmatu behar izan ditugu: arduraz jokatuz, osasun neurriak zainduz. Festa eredu masiboa alde batera utzi eta gure balioei heldu nahi izan diegu egoerara egokituko den egitaraua sortzeko, hala nola, auzolana, elkarzaintza eta euskara erdigunera ekarriz”, azaldu dute Piratek. Era berean, iragarri dute larunbatean, hilaren 14an, elkarretaratzea egingo dutela Portaletasen parean, 12:30ean: “Gure espazioak aldarrikatu eta defendatzeko”.
Bestalde, aurten Matti pertsonaia nor izango den argitu dute: Naizen izango da, Adingabe Transexualen Familien Elkartea, eta aurreratu dute hilaren 22an hitzaldia eskainiko duela elkarteak Trinitate plazan, 12:30ean. Horrez gain, egitarauak denetarik izango duela azpimarratu dute: “Bertsolariak, tailerrak, haurrentzako jarduerak eta musika emanaldiak”. Datozen egunotan zabalduko dute egunez eguneko egitarau osoa, mugimenduaren sare sozialetan. “Hasiera batean udalak informaziorik helarazi ez zigunez, gainerako jai batzordeekin bildu eta informazioa eskatzeko antolatu ginen, udalak emandako informazioak eta diru-laguntzak utzi diguten heinean herritarrei ahalik eta egitarau zabalena eskaini nahi izan diegu”, gaineratu dute.
Era berean, nabarmendu dute koronabirusaren kutsatzearen aurkako segurtasun neurri guztiak beteko dituztela: “Beharrezkoa izango da maskara une oro jantzita eramatea, sarreran gel hidroalkoholikoa jarriko dugu eta eserlekuak aldez aurretik egongo dira antolatuta, segurtasun distantzia mantenduz. Edukiera mugatua izango da aurten ere, Trinitate plazari ezarritako edukiera, hain zuzen ere”. Jarduerak egiteko guneaz gain, merchandising postu bat ere jarriko dutela esan dute, eta Puntu Morea ere egongo da, Intziri Neska* Gazte Taldearekin elkarlanean.
Agerraldiaren amaieran, gazteek pairatzen duten “kriminalizazioa” salatu dute: “Gogora ekarri nahi dugu depresio eta suizidio kasuek gora egin dutela, gazteon langabezia bikoiztu egin dela eta gure arteko harremanak eten egin direla. Hori dela eta, joan den urtean egun bakarreko egitarauarekin egin genuen moduan, aurten ere lau eguneko egitarau bat segurtasun osoz antolatzeko gai garela erakutsi nahi dugu. Gurea elkar zaintzeko gunea da, eta Donostia herrikoi, parekide eta euskaldunaren alde jarraituko dugu lanean aurtengoan ere”.