100 kiloko droga zama batekin Donostiako kaleetatik ihes egin ondoren, bi gizon atxilotu dituzte
Igande goizaldean, ordu biak aldera, frantziar nazionalitateko bi gizon Irunera bidean zihoazen auto batean, baina Gaintxurizketan Ertzaintzaren kontrol batekin topo egin zutenean, buelta eman zuten eta ziztu bizian Donostiara abiatu zuren. Ertzainek jarraitu egin zuten autoa, eta Donostiako erdiguneko kaleetatik egin zuten ihesaldia. Beste auto bat ere sartu zen ihesaldian, eta Ertzaintzaren arabera, euren eta bi gizonen autoaren artean jarri zen, polizien lana oztopatzeko asmoz.
Azkenean, bi gizonen autoak Pasaiarako bidea hartu zuen Mirakruz kaletik, eta Pasaian atxilotu zituzten 25 urteko bi gizonak. Kilo bat kalamuz betetako 74 poltsa zeramatzaten eta 30 kilo haxix. Beste autoa, aldiz, Donostiako Argentinako Errepublikaren kalean aurkitu zuten utzita. Gidariaren bila ari dira orain.
Atxilotuei droga trafikoaren, agintaritzaren agenteen aurkako atentatuaren eta agintariei jarkitzearen delituak leporatu dizkiete. Gipuzkoako hiriburuko Guardiako Epaitegiaren esku utzi dituzte.