Kontxako eta Ondarretako kabinak berrituko dituzte udako denboraldia bukatzean
Irailean, udako denboraldia amaitzean, Donostiako Udalak Kontxako eta Ondarretako hondartzetako kabinak eraberritzeko lanak abiatuko ditu, 750.000 euroko aurrekontuarekin. “Obra hauekin hezetasun eta ur filtrazioen arazoa konpondu nahi da, aldi berean sabai faltsuak, hormak eta lur akaberak berrituz. Jakina, hondartzen denboraldia irailean amaitu arte itxarongo da berrikuntzei ekin ahal izateko, lau hilabete inguruko iraupenarekin”, azaldu du Duñike Agirrezabalagak, Hiri Proiektuetako zinegotziak.
Alde batetik, Kontxako kabinetan, pasealekuko iragazte sistema eta baldosak berrituko dituzte, gaur egungo argizuloak kenduta. Euri ura biltzen duen hodiaren saturazio arazoak eta kabinetako kondentsazio arazoak ere konponduko dituzte. Kontxako kabinetako lanek 490.400 euroko aurrekontua izango dute.
Bestetik, Ondarretan, kabinetako dutxetako lurrunaren kondentsazioak sortzen dituen arazoak konponduko dituzte, baita estalkiko arazoak konpondu ere. Ondarretako kabinetako lanek 259.000 euroko aurrekontua izango dute.