LED argiak jarriko dituzte hiriko ikastetxe batzuetan, energia aurrezteko helburuarekin
Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta atmosferara egiten diren emisioak zein faktura elektrikoa murrizteko, Donostiako Udalak hiriko hainbat ikastetxe publikotako argiteria berrituko du. Hain zuzen, gaur egungo fluoreszenteak kendu eta LED argiak jarriko dituzte, eta 253.785,40 euroko aurrekontua du proiektuak; orain aterako da lizitaziora. Amara Berri Morlans ikastetxean, Martuteneko Arantzazuko Ama ikastetxean, Aldakoneako Zuhaiztin, Altza Ikastetxean eta Igeldo Ikastetxean egingo dituzte aldaketak.
“Argi berri horiekin urtean 152.482 kWh-ko (gaur egun 237.200 kWh-ko) energia aurreztuko da, eta CO2 isurketak 22,8 tonatan murriztuko dira. Hala ere, argindarraren fakturan 22.924 euro aurreztuko direla aurreikusi dute. Izan ere, LED lanpara berriek balio bizitza luzeagoa dute”, nabarmendu du Marisol Garmendiak, Ekologia zinegotziak. “Eraikinak aukeratzeko irizpide nagusia argiztapenak eraikinaren guztizko kontsumo elektrikoan suposatzen duen portzentajea izan da, eta, beraz, ikastetxeei eta erretiratuen elkarteei eman zaie lehentasuna”, gaineratu du zinegotziak.