Mariaren Bihotzaren lursailari hirugarren sektoreko erabilera emateko plana behin betiko onartu dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak behin betiko onartu du Groseko Mariaren Bihotzako eremuko lursailari dagokion hirigintza esparruko Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Horren bidez, eremuari hirugarren sektoreko erabilera eman ahalko diote jabeek, klaretarrek, alegia.
Hain zuzen, iazko udan, eskola itxi zenetik urtebete betetzen zenean, parrokia ere itxiko zutela iragarri zuten, eta EH Bilduk salatu zuen han hotel bat egiteko izapideak oso aurreratuta zeudela. Hedabide honek Mariaren Bihotzaren historia eta auzoan izandako eragina aztertu zituen erreportaje zabal batean.
Bestalde, pasa den abenduan, Bi Berri Donosti S.L. enpresak eraikina birkalifikatzeko plan berezia aurkeztu zion udalari. Proeiktuak teilatupean 330 metro koadroko beste solairu bat eraikitzeko asmoa jasotzen du, eta, horretarako, elizarekin bat egiten ez duen teilatupeko zatia egokituko lukete. Eraikinak B mailako babesa du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Berezian (EHOBPB), eta, beraz, enpresak proiektuan zehaztu du eraikuntza bera mantendu egingo dutela, baita elizaren zatia eta barruko elementu guztiak bere horretan mantendu ere.
Ramon Kortazar arkitektoak 1926an diseinatutako eraikinak 1.500 metro karratuko azalera du, eta altuera aintzat hartuta, 5.000 metro karratuko espazioa du. Proiektuan, aipatu solairuaz gain, 70 aparkaleku egitea aurreikusten da; EHOBPB-ak ez du baimentzen elizaren azpian egitea, beraz, ez da aurreikusten lur azpian beste solairurik eraikitzea, lursailaren ondoan egitea baizik. Era berean, bizikletentzako 50 aparkaleku ere aurreikusten ditu proiektuak.