Marrutxipiko lotunea egiteko hitzarmena onartu du udalak
Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 20an onartu zuen Intxaurrondoko Marrutxipi eremuko lotune berriaren proiektu berrikusia, eta udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak gaur onartu du Donostiako GI-20 saihesbidean Marrutxipiko lotunea egiteko lanak aldundiarekin elkarlanean garatzeko hitzarmena.
Proiektuaren exekuzio aurrekontua 12.663.389 eurokoa da; horietatik, udalak 3.544.050 euro jarriko ditu eta aldundiak 9.119.339 euro. Izan ere, proiektua aldundiarena bada ere, udaari dagozkion esku-hartze batzuk ere baditu: bide sarea eta oinezkoen sarea egokitzea eta drainatzeak eta saneamendua hobetzea, esaterako. Lanak egiteko epea 24 hilabetekoa da, eta Eneko Goia alkateak nabarmendu du aldundiak “ahalik eta azkarren” abiatuko duela lanak adjudikatzeko prozesua.
Lotuneak ekialdeko eta mendebaldeko sarrera eta irteera mugimendu guztiak hartuko ditu bere gain, Fernando Sasiain kalearekiko eta Mons pasealekuarekiko lotura zuzenak izango ditu eta ez die Etzieta eta Castelao parkeei eragingo. Horrela, alkateak azpimarratu du sarbide zuzena lortuko dela Intxaurrondo, Egia eta Gros auzoetarako. “Uste dugu benetan lotune berri honek eragin ona izango duela gure barne zirkulazioan”, gaineratu du Goiak.
Bestalde, adierazi du lanean jarraitzen dutela halako beste esku hartze batzuk garatzeko: “Aurreko legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera hiriaren sarbideak aztertzeko sortutako batzorde batetik dator hau. Hainbat esku hartze aztertu ziren han, eta lehentasuna eman genien dagoeneko abian diren biei: 27 industrialdea Astigarragarekin lotzen duenari eta Marrutxipikoari; aipatzekoa da, gainera, bi garestienak zirela. Beste esku hartze batzuk ere mahai gainean daude, eta aztertzen ari gara, ospitaleetako igoerari eragingo liokeena, esaterako”.