Plaka fotovoltaikoak jarriko dituzte Donostiako bost udal eraikinetan
Donostiako Udaleko Ingurumen sailak 409.387 euro inbertituko ditu hiriko bost udal instalaziotan plaka fotovoltaikoak jartzera. Proiektua maiatzean onartu zuen udalak, baina orain abiatuko dute lizitazio prozesua. Morlansko Udaltzaingoaren eraikina, Manteo kiroldegia, Pio Baroja kiroldegia, Aitor Ikastola eta Bidebietako pilotalekua izango dira plaka fotovoltaikoak izango dituzten eraikinak.
Eraikin bakoitzeko instalazioak bere lizitazio prozesu propioa izango du, bere aurrekontuarekin eta epearekin: Udaltzaingoaren eraikinean 163.481,77 euro inbertituko dituzte eta bost hilabeteko epean gauzatu beharko dute; Manteo kiroldegiko aurrekontua 66.376,52 eurokoa izango da eta lau hilabeteko epea izango du proiektuak; Pio Barojan 100.233,98 euro gastatuko dituzte eta lanak lau hilabetean egin beharko dituzte; Aitor Ikastolan 35.915,68 euroko inbertsioa egingo dute eta hiru astetan bukatu beharko dituzte lanak; eta, Bidebietako pilotalekuan 43.379,52 euro inbertituko dituzte eta lanak hiru astetan egingo dituzte.