Udalak 5.500 metro koadroko lursail bat utziko dio Basque Culinary Centerri
Basque Culinary Centerrek, Donostiako goi mailako sukaldaritza eskolak, bere 10. urteurrenaren bueltan adierazi zuen “talentua, ikaslea eta ekintzailea trebatzeko zentro berri bat” irekitzeko asmoa zuela. Proiektu hori idazten hasi ahal izateko, lursail bat behar du Basque Culinary Centerrek, eta lagapenaren espedientea ireki du udalak, zentroa proiektua idazten hasi ahal izan dadin.
Horrela, Okendo Kultur Etxearen eta Zubiri Manteo ikastetxearen artean dagoen 25.790,86 metro koadroko udal jabetzako lursail baten 5.500 metro koadroko zati bat zentroari utziko dio udalak. Ondoren, Basque Culinary Center fundazioak bere eraikin berria eraikiko du hor. Oraindik ez dute zehaztu zenbat urtez utziko dioten lursaila fundazioari.