Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Grosen kokatzearen aurka azaldu da EH Bildu
Donostiako EH Bilduren iritziz, Basque Culinary Centerren bigarren egoitza Okendo-Alden jartzeko Eneko Goia alkateak egindako hautuak Grosen gaur egun dauden arazoak areagotuko ditu. Izan ere, Grosek etxebizitza premia larria duela salatu dute, eta neurri gabeko turistifikazio prozesu batean murgilduta dagoela. Gainera, hasiera batean lur sail horretan gazteentzako eta adinekoentzako apartamentuak eta kirol-eremua duen parke handi bat izango zela iragarri zuen udalak. Horregatik, orain Basque Culinary Centerren bigarren egoitza eraikitzeak ez duela zentzurik salatu du EH Bilduk.
Bilduk nabarmendu duenez, Groseko auzotar askok alde egin behar izaten dute, auzoan bertan ez dutelako etxebizitza erosteko aukerarik. Donostian etxebizitza bat erostea zaila bada, zailagoa da Grosen, %18 garestiagoa. Ez dago babestutako etxebizitzarik, eta biztanle kopurua jaisten ari da Izan ere, 1.100 bizilagun galdu zituen Grosek 2010etik 2019ra. Era berean, gero eta pisu turistiko eta hotel gehiago daude.
Ondorioz, hasieran aurreikusita zegoen proiektua baztertu eta Basque Culinary Centerren bigarren egoitza kokatzearen aurka azaldu da Eh Bildu. Hauen esanetan, erabaki honek ez ditu auzotarren eskubideak bermatzen.