Ostiralean abiatuko dute Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa, eta "maila handikoa" izango da
Urtebeteko etenaren ostean, Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa bueltan da, eta 26. edizioa aurkeztu dute gaur udaletxean. Egia eskubaloi taldeak antolatzen du txapelketa, udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta hain zuzen, hiru erakundeetako ordezkariak izan dira gaur aurkezpenean, baita txapelketan parte hartuko duten beste klub batzuen ordezkariak ere.
Egia eskubaloi taldeko ordezkariek zein udaleko eta aldundiko ordezkariek nabarmendu duet “oso garrantzitsua” dela aurten Egiako Nazioarteko Eskubaloi Txapelketa berreskuratzea, bi urtez jarraian ez egitea “arriskutsua” izan zitekeelako. Martin Ibabe Kiroletako zinegotziak azpimarratu du udalarentzat “ohore bat” dela txapelketaren parte izatea. Era berean, Iñaki Iturriozek, aldundiko Kiroletako diputatuak, nabarmendu du txapelketak Gipuzkoako eskubaloi zaletasuna berpizteko balioko duela.
Bestalde, Egia eskubaloi taldekoek azpimarratu dute “maila handiko” txapelketa izango dela, eta estreinakoz, denboraldi honetan Europako txapelketetan lehiatuko diren lau taldek hartuko dutela parte. Era berean, azaldu dute aurten ezin izan dutela txapelketa osoa astebetean jokatu, eta zatitu egin dute. Asteburu honetan jokatuko dira lehenengo bi partidak –txapelketa osoaren moduan, Egiako kiroldegian–: ostiralean, hilaren 2oan, Nantes eta Logroñok lehenengo finalerdia jokatuko dute 18:00etan, eta Bidasoak eta Anaitasunak bigarrena, 20:00etan. Hurrengo egunean, hilaren 21ean, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko norgehiagoka jokatuko dute aurreko bi partidetako galtzaileek, 17:30ean. Ondoren, finala jokatuko dute irabazleek, 19:30ean.
Handik ia bi astera, hilaren 31ean, berrartuko dute txapelketa, Bera Berak eta Merignacek jokatuko duten partidarekin; 19:00etan izango da. Bestalde, irailaren 3an Egia Petritegiren eta Ereintzaren arteko neurketa jokatuko dute 18:00etan, eta Egia Teila Fabrikaren eta Zarautzen artekoa 20:00etan.
Partidak ikusteko edukiera %35ekoa da une honetan, eta beraz, Labiak neurriak malgutzea erabakitzen ez badu, 80-100 pertsona sartu ahal izango dira kiroldegian, koronabirusaren aurkako neurri guztiak beteta. Hala ere, sartzerik ez dutenentzat, pantaila bat jarriko dute kiroldegiaren kanpoaldean, eta norgehiagokak streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Kiroldegira sartzeko sarrerak partida hasi aurretik eskuratu beharko dira han bertan, 5-10 euroan.