Joan den astean hildako Donostiako kale garbiketako langilea omendu dute bere lankideek
Joan den asteko ostegunean kale garbiketako langile bat zendu zen Donostian, lanean ari zela. FCC eta Serbitzu enpresek osatzen duten UTE Donostiako Garbiketa enpresa elkarteko langilea zen, eta ELA sindikatuaren arabera, ondoezik sentitu zen, eta handik gutxira zendu zen. Horregatik, bere lankideek euren lankidea gogoratzeko eta omentzeko elkarretaratzea egin dute gaur, hilaren 17an, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin batera, enpresaren egoitzaren aurrean, 27 industrialdean.
Era berean, laneko ezbehar kopurua handitzen ari dela salatu dute: “2021. urtea hasi zenetik 40 pertsona hil dira lan istripuan. Lan erreformek lan baldintzen kaskartze orokorra ekarri dute, eta azpikontratazioa bezalako faktoreak langileen segurtasunaren kontura etekin ekonomikoak handitzeko erabiltzen dira. Lan prekarietatearen hedapena eragin berezia izaten ari da urtero lanean arrazoi ez traumatikoengatik (istripu kardiobaskularrak, infartuak, etab.) gertatzen diren heriotzen kopuru handian”, adierazi du ELAk.