Sai zuri bat Antondegin elikatzen behatu dute
Itsas Enara eta SEO-Birdlife ornitologia elkarteetako eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kide batzuek bi sai zuri ikusi dituzte hainbat aldiz uztailean Martuteneko Antondegi eremuan, eta orain bat grabatzea lortu dute, elikatzen ari zenean. Euskal Herrian bizi diren hegaztietatik, galtzeko arrisku handiena duen hegazti espeziea da, mundu osoan baitago galzorian, Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunaren arabera.
“Sai zuriak Antondegi inguruan hegan ikusi zituzten, inoiz janaria garraiatzen ere bai. Horrek iradokitzen zuen inguruan elikatzen ari zirela. Antondegi baserriaren ondoko zelaian bazen ardi-sarrats zenbait egun lehenagotik, eta haren ondoan bideokamera automatiko bat ezarri genuen (nahiz eta arte horiek ohiz ugaztunak hautemateko erabiltzen diren). Hari esker egiaztatu zuten susmoa zuzena zela eta hegaztietako bat filmatzea lortu zuten. Baliteke Jaizkibelen ugaltzen den bikotea izatea; izan ere, janaria garraiatzen ikusi zituzten guztietan, sai zuriak harantz abiatu ziren”, azaldu dute Itsas Enarakoek. “Behaketa oso garrantzitsua da, orain arte ez baita lortu espeziea Donostian jaten erakusten duen dokumentu grafikorik; hori Antondegin gertatu izanak agerian uzten du inguru horren guztiaren balio ekologiko handia”, gaineratu du Hector Gonzalezek, Itsas Enara elkarteko presidenteak.
Orotara, Itsas Enarako eta SEO-Birdlife elkarteetako kideek 114 hegazti espezie behatu dituzte Antondegin, bai atseden hartzen, bai elikatzen eta bai ugaltzen. Horietatik, 30 galzorian daude, Arriskuan dauden Espezieen Euskadiko Zerrendaren arabera, eta hamaika Europako Batasunaren Hegaztien Zuzentarauaren I. Eranskinaren arabera. “Horrez gain, Aranzadik egindako Donostiako Hegazti Habiagileen Atlasean argitaratutako datuak dira: udalerrian aberastasun ornitologiko handieneko eremuetako bat da Antondegi. Eta, azkenik, Antondegiko ugaztunen inbentarioa egiten ari da Itsas Enara, eta orain artean hemeretzi espezie aurkitu ditu (azeriak, azkonarrak, lepazuriak…); oso kopuru nabarmena, Donostia izateko”, azaldu dute Itsas Enarakoek.
Sai zuriaren behaketak beste espezie bat gehitu du Antondegin ibiltzen diren hegaztien zerrendara, eta horregatik, Itsas Enarak eremu horretako olatu artifizialen proiektua kritikatu du berriz: “Itsas Enararen iritziz, Donostiako Udalak iragarri bezala olatu artifizialak egiteko instalazioa eraikiz gero aparteko kaltea eragingo lioke Antondegiko ekosistemari, muinoaren erdialdeko lur-azalera zabal estaltzeagatik, bide berriak egiteagatik eta pertsona zein ibilgailu kopuru handiagoak ibiltzeagatik. Itsas Enararen arabera, biodibertsitate handiko eremuak eta korridore ekologikoen udal sareko leku garrantzitsuak blindatu behar lituzke Donostiako Udalak proiektu urbanistikorik ez egiteko bertan”.