"Datorren urtean gauzak hobeto egongo dira, eta lan gehiago izango dugu"
Lide Fernandez azken hilabeteotan Donostiako Piraten mugimenduan buru-belarri lanean ibili den piratetako bat da, eta lan horren emaitza hastear da: Kabotajea. Ostegunetik igandera, haur, gazte eta helduentzako jarduera herrikoiez beteko dituzte Trinitate plaza eta kaia.

Kabotajerako gogoz?
Bai, gogo handiz gaude. Denbora asko daramagu zer egin pentsatzen, hasieran ez baikenekien zer utziko ziguten egiten eta zer ez. Brain storming handia egin genuen eta ideia ugari aztertu ditugu, izan genitzakeen aukera guztiak aintzat hartuta.
Nolakoa izan da Kabotajea antolatzeko prozesua?
Iazko Pirata Setioaren ondoren, geldialdi bat egin genuen, bai pandemia egoeragatik eta baita indar handirik ez genuelako ere. Urte hasieran, ordea, pixkanaka berriz biltzen hasi ginen, iazkoaren balorazioa egiteko eta aurrera begira jartzeko. Ahal zen moduan hasi ginen elkartzen: telematikoki batzuetan, presentzialki beste batzuetan… Iazkoaren esperientziatik abiatuta, aurten izan genitzakeen aukerak aztertzen hasi ginen pixkanaka.
Lehenengo bileretan ideiak bota eta apuntatu egin genituen, baita gure artean antolatzen hasi ere: pentsatzen hasi ginen ea zenbat lantalde beharko genituen, eta abar. Uda iritsi zenean, ordea, neurriak aldatzen joan ziren, eta, besteak beste, jakinarazi ziguten udako jairik ez zela egongo, baina kultur jarduerak egin ahalko zirela, koronabirusaren aurkako neurriak beteta. Gauza batzuk ezustekoak izan dira guretzat, esaterako, ez baikenuen pentsatzen herri bazkaririk egiten utziko zigutenik. Era berean, esan zigutenean Trinitate plaza lau egunez utziko zigutela, lau eguneko egitarau bat osatzeko aukerak aztertzen hasi ginen. Hain zuzen, jarduera guztiak egun bakarrean pilatu ordez, hainbat egunetan banatu ditugu, horrela ere jende pilaketak saihesteko.
Iaz egun bakarreko egitaraua antolatu zenuten: Pirata Setioa. Nolako balorazioa egin duzue?
Ondo atera zen, eta gustura gelditu ginen egindakoarekin, baina gutxi izan zen. Azken finean, Donostiako Piratok daukagun historiarekin, egun bakarreko egitarau bat oso gutxi izan zen guretzat. Baina bueno, egoerara egokitu behar izan genuen.
Nolako harremana izan duzue udalarekin Kabotajea antolatzeko?
Etengabea. Neurriak hainbatetan aldatu direnez, hainbat aldiz hitz egin behar izan dugu, jakiteko ea zer egin genezakeen eta zer ez. Azkenean, udalarekin hitz eginda, Trinitate plaza erabiltzeko aukera lortu dugu, baita kaian jarduera gutxi batzuk egitekoa ere. Etengabe tiraka aritu gara, gauzak antolatu ahal izateko, baina bere alde onak izan ditu udalarekin izandako harremanak.
Beraz, pozik zaudete antolatutakoarekin?
Bai, eta oso egitarau zabala dela iruditzen zaigu, haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako jarduerak ditugulako; denetarik dago. Pena da gune bakarra soilik erabili ahal izatea, hainbat auzotan kofradiak ditugulako, eta gure jarduerak ez dira soilik kaian izaten normalean, baita Letamanen, Grosen eta beste hainbat lekutan ere. Ordea, udalak esan zigun gune bakarra erabili genezakeela. Hala ere, behintzat kaian gauza batzuk egitea lortu dugu.
Kabotajeko zer jarduera nabarmenduko zenituzke egunez egun?
Egunero daude gauza esanguratsuak. Lehenengo egunean, esaterako, Parte Zaharreko Sorkuntza Txokokoekin hitz eginda, mikro irekia antolatu dugu. Era berean, Intziri Neska* Gazte Taldearen agerraldi feminista izango dugu. Izan ere, beraiei esker Puntu Morea izango dugu Trinitate plazan, asko inplikatu baitira. Eguna bukatzeko, bertso musikatuak izango ditugu, eta hor adin guztietako jendea elkartuko da.
Ostiralean, Muxikoak izango ditugu; jende helduarentzako pentsatutako zerbait da berez, baina adin askotako jendea joango da, oso dibertigarria izango baita; esaterako, ni joango naiz, eta 25 urte ditut [barrez]. Ondoren, kuadrillen jolasak izango ditugu, eta horretara ere adin guztietako jendea joango da. Era berean, urteroko enkartelada izango dugu, eta pare bat kontzertu.
Ondoren, larunbatean, bizikrosa izango dugu; itxura oso ona du, jende asko apuntatu delako, eta, gainera, kaitik aterako delako. Herri bazkariak ere oso itxura ona du, txartela ugari saldu baitira dagoeneko. Urteroko Play Back lehiaketa ere izango dugu; azken finean, Aste Nagusian egin izan ditugun jarduerak ditugu, egoerara egokituta.
Azken egunean, haurrentzako jolasak izango ditugu, eta Naizen elkartearen, aurtengo Mattiren, agerraldia izango dugu.
Zergatik aukeratu duzue Naizen Adingabe Transexualen Familien Elkartea Matti izateko?
Nik aspaldi nuen fitxatuta elkarte hau, oso lan garrantzitsua egiten dutelako. Gainera, azken urtean LGTBIQ+ kolektiboarekin gauza asko gertatu dira. Tristea da gertatzen ari dena, baina jendearen haserrea atzematen da, eta hori ona da. Horregatik, Matti Naizen izatea erabaki genuen.
Bi urte daramatzazue Aste Nagusia bere horretan antolatu ezinik. Zein egoeratan dago Donostiako Piraten mugimendua?
Ezjakintasun handia dago. Bagaude batzuk, bestela ezingo genuke lau eguneko egitarau bat aurrera atera. Hala ere, jende asko stand by egoeran dago: parte hartu nahi dute, baina beldur pixka bat ere badute, pandemiarengatik. Gainera, bakoitzak bere egoera propioa bizi du, eta boluntario lana egiteko indarra behar da. Nire ustez, datorren urterako agian jende gehiago egongo da lan egiteko prest, egoera hobetzen doan heinean.
Nola daude kofradiak?
Nireak, Ubarroiak kofradiak, funtzionamenduan jarraitzen du behintzat, Zipotz jaietan lanean ibili garelako, esaterako. Hala ere, orokorrean, kofradiak stand by egoeran daudela esango nuke. Kofradiak ez dira piratetatik joan, baina ezin ditugunez auzoetan gauzak antolatu, nahiko geldirik daude; hala ere, ez dugu baztertzen egoerak ahalbidetzen duenean jarduerak berriz kofradiaka antolatzeko ideia. Hala ere, aurten kofradiaka bildu ez bagara ere, Kabotajea antolatzeko egin ditugun bileretan kofradia guztietako edo gehienetako jendea ikusi dut: Eskifaiakoak, Xibaroetakoak, Eskandalosakoak, Ubarroietakoak, Traganarruetakoak, eta abar. Era berean, kofradiarik ez duen jendea ere ikusi dut, baina piraten mugimenduan sartuta dagoena.
Astelehenean abordatze sinbolikoa egin zenuten. Zer moduz joan zen?
Hasieran, ez genekien nola planteatu, kaiko arrapalan hesi bat dagoelako; ordea, hori zen hain zuzen gure aldarrikapena, arrapala herritarron gune bat dela. Horregatik, esan genuen: ‘abordaia ezin da egin, jende pilaketak saihestu behar direlako, baina gure espazioak aldarrikatu behar ditugu’. Horrela, uste genuena baino jende gehiago etorri zen, eta oso abordatze sinboliko eta xumea egin genuen, gure guneak aldarrikatzeko: Hesi eta guzti, kaia busti lelopean. Oso pozik gaude egindakoarekin.
Oraindik goiz da, baina datorren urtera begira zer asmo duzue?
Gure ustez, datorren urtean gauzak hobeto egongo dira, eta lan gehiago izango dugu. Hori da behintzat aurtengoa antolatzen gabiltzanok buruan daukaguna, eta horretarako prestatzen ari gara. Azken finean, gauzak modu progresiboan ari dira aurrera egiten: iaz egun bakarreko egitaraua egin ahal izan genuen, aurten lau egunekoa, eta espero dugu datorren urtean zerbait handiagoa antolatu ahal izatea. Guk aurrera egiten jarraituko dugu, uzten digutena egiten, eta gure balioak zaintzen.