Oinarrizko futbolarentzako diru-laguntzak Realaren bidez emateari uzteko eskatu du Lehiaren Euskal Agintaritzak
Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA) arrazoia eman dio Eibarri, eta Gipuzkoako oinarrizko futbolarentzako diru-laguntzak soilik Realaren bidez emateari uzteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Gaur egun, aldundiak 1.180.000 euro bideratzen ditu urtero Gipuzkoako futbol jokalari gaztea formatzeko, eta Realak jasotzen du diru hori, ondoren lurraldeko klub txikien artean banatzeko. Eibarrekin tirabirak izan ditu Realak horregatik, eta LEAk arrazoia eman dio orain klub armaginari.
Hain zuzen, SER kateak argitaratutako informazioaren arabera, erakundeak eskaera formal bat egin dio aldundiari, eta diru-laguntzen banaketa klub txuri-urdinaren bidez egin beharrean, lehiaketa publiko baten bidez egiteko eskatu dio. Izan ere, LEAren aburuz, “ez dago oinarrizko futbolarentzako diru-laguntzak klub profesional bakar baten bidez banatzeko arrazoirik”. Hala ere, LEAk ez dauka eskumen legalik arauak aldatzeko edo debekatzeko, beraz, eskaera bat da soilik, eta aldundiak izango du azken hitza.